“Urrian Ibizan lehiatuko den Europako txapelketan parte hartzea eskaini didate”

Joseba Derteano 2018ko api. 14a, 12:00

Irene Loizate azpitxapeldun geratu da Espainiako duatloi txapelketan, 23 urtez azpiko kategorian. Iaz podiumaren atarian geratu zen, laugarren, eta aurten aurrerapausoa eman du. Bere errendimendua ez zaie oharkabean pasatu Espainiako selekzioko hautatzaileei.

Zelan joan zen lasterketa?
Korrikako lehenengo itzuli biak aurrekoekin egitea lortuta, azkenengoan segundo batzuk galdu nituen. Ondoren, bizikletan ezin izan nintzen talde horretan sartu. Lau laguneko talde bat nuen aurretik, eta horien aurretik beste bat zihoan ihes eginda. Atzetik zetorren bost laguneko taldera batu nintzen. Minutu erdi inguruko aldea zegoen talde bien artean. Bizikletatik jaitsi eta azkeneko korrikaldian distantzia gutxiegi zegoen aurrekoak harrapatzen saiatzeko. Azkenean, bederatzigarren amaitu nuen sailkapen orokorrean, eta bigarren nire mailan.

Pozik emaitzagaz?
Bai, pozik. Gainera, Espainiako selekzioko parte izatea eskaini didate Europako txapelketara joateko. Iaz ere parte hartu nuen eta, momentuz, joatea da asmoa. Urrian izango da, Ibizan. Espainiako txapelketako ibilbidearen bikoitza da Europakoa. Hain distantzia luzeetan ez naiz horren ondo moldatzen. Nahigo ditut laburragoak, baina gogoz prestatuko dut.

Datozen asteei begira, zer beste asmo duzu?
Aurten Iruñeko Saltoki Trikideak taldean nabil eta aste bi barru Sorian taldekako Espainiako txapelketan parte hartuko dugu. Postu on bat lortzea da helburua. Eta, horren ostean, triatloi denboraldiagaz hasiko gara. Getarian izango da lehenengoa.

Saltoki Trikideak taldean lehen urtea duzu. Pozik zabiltza?
Bai. Taldekiderik gehienak euskaldunak dira, ezagutzen ditut eta hartu-eman ona dugu. Espainiako txapelketetara joateko bidaiak eta hotelak taldeak kudeatzen ditu eta erraztasun horiengatik batu nintzen eurengana.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!