“Txiki sentiarazten gaituena onartzeak indartzen gaitu”

Aritz Maldonado 2018ko api. 13a, 12:00
Argazkia: Ander Canales.

Lan berri baten aurkezpen birari ekingo dio Plateruenean, beste behin, Doctor Deseok; azken aldietan bezala, zalez lepo egongo antzokia, sarrera ia guztiak saldu dituzte-eta. ‘La Fuerza de la Fragilidad’ zuzenean aurkeztuko dute Durangoko aretoan, bihar.

Zer dakar lan berri honek?
Adios da lehenbiziko singlea, abesti lasai bat, eta, nolabait, maite den pertsona bati egindako agurra izan daiteke; nire kasuan, aitaren agurra. Ingurukoen heriotza, edota norberarena, gertatzen diren gauzak dira, baina ez da horietaz berba egiten. Atzera-bueltarik ez dagoela jakinda, ospakizun moduko bat bilatzen dugu. Musikalki, garagetik hurbil dagoela esango nuke, gitarra doinu basatiekin eta lelo indartsu eta eranskorrekin. Danceagaz uztartu dugu gainera, nola ez, guztiari gure ukitua emanez. Abestietan kontraste handiak nabari dira, eta, azken finean, hori da bilatzen duguna, guztia ospakizun handi bat izatea, baina ez ospakizun txepel bat. Por la Madriguera del Conejo Blanco kantua adibide ona da: Ricky Martinen Living la Vida Locaren eta Nietzscheren Honela Mintzatu zen Zaratrustaren arteko nahasketa moduko bat da. Nietzscheri  esaldi bat hartu diogu, “Bizitza hau da? Kaka hau? Hara ba, atzera beste behin”. Bera ez da horrela mintzatzen normalean, baina oso bilbotarra dirudi horrela [barrez].

Paradisuan edo berraragiztatzeetan sinesten ez dugunok bizitza baino ez dugu, eta hori bera oso boteretsua da. Diskoan horri buruz dihardugu. Hilko dela dakien espezie bakarra gara; badakigu asko sufrituko dugula, eta beharbada pertsona maitatuak galduko ditugula, eta horrek, normala den bezala, estutasuna sortzen du. Horrez gainera, egunerokoan eragiten diguten estutasun ugari ditugu, lan baldintzak... Estutasun horrek txiki sentiarazten gaitu, baina behin onartuta, indartu egiten gara, ezberdin egiten gaitu indar horrek, enpatikoago. Orain artean agintean egon den ar menderatzailearen indarkeriaren antitesia da hauskortasunaren indarra.

Hiru abesti klasiko Euskadiko Orkestra Sinfonikoagaz grabatu dituzue. Zergatik?
Fernando Velazquezek [musikagile bizkaitarra, eta orkestra zuzendaria] eta EOSekoek deitu ziguten, beraiekin hiru abesti klasiko ongintzazko jaialdi baterako egiteko. Ez genuen espero, eta luxu bat iruditu zitzaigun, bizitzan behin agertzen zaizun aukera horietako bat. Une ahaztezinak izan ziren. Hori dela-eta, zaleek etxean edukitzeko eta entzuteko aukera izan zezaten gura genuen. Behin formatu fisikoa eginda, ganorazko zerbait egitea gustatzen zaigu. KDaz eta DVDaz gainera, Doctor Deseoren abesti guztien berbak dituen liburua kaleratu dugu oraingo honetan.

Hamaseigarren estudioko lana duzue. Erraza egiten zaizue konposatzea?
Ez, inoiz ez da erraza. Erditzeko prozesuagaz lotzen dut nik; oraindik ez dut epidurala aurkitu, nahiz eta horretarako beharrean nabilen. Behar asko du atzetik, ordu asko lokalean sartuta. Urtebete eskaintzen diegu birei, eta beste urtebete lokaleko lanari eta konposaketari; deskonektatu egiten dugu zuzenekoetatik, pertsona eta musikari legez bilakaera eduki ahal izateko.

Plateruenean ekingo diozue birari, beste behin. Zergatik han?
Birak han hastea gustatzen zaigu. Biretarako zortea ematen digu han hasteak, gainera. Oso eroso egoten gara Plateruenean, eta ezin hobeto tratatzen gaituzte, gainera.

Zerbait berezia prestatu duzue zuzenekoetarako?
Argietan Jon Mentxakagaz gabiltza lanean; bira honetarako ad hoc prestatu ditu gauza batzuk. Baina ez dut ezer gehiago aurreratuko, sorpresa ez izorratzeko [barrez]. Bira berri honen kontzeptua aurrekoa baino biziagoa da; denboraldi batzuetan antzokietan aritzen gara, eta motelago aritzea gustatzen zaigu. Oraingoan, ostera, zerbait indartsuagoa egin gura dugu.

Lan honetan ere euskarazko abesti bat sartu duzue. Inoiz euskara hutsean abesturiko kantekin disko oso bat kaleratzeko asmorik?
Guretzat ohitura bilakatu da. Betebeharra bilakatu zaigu diskoan euskarazko abesti bat egitea; horrela sentitzen dugu, eta gustatzen zaigu, beste modu batera lan egiteko aukera eskaintzen digulako. Disko oso bat? Beharbada. Gasteizen, Euskararen Nazioarteko Egunaren harira kontzertua eskaini genuen euskarazko kantak soilik abestuz; hamalau kantukoa izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!