“Espero dugu datorren urtean beste talderen batek destronatzea”

Jone Guenetxea 2018ko api. 6a, 14:50

‘Buklea’ eta ‘eskobilla’ gaitzat hartuta, 24 orduan film labur bat sortzea zen erronka. Puxemoi boskoteak umorez ekin zion lanari, eta emaitzan ere igartzen da hori. Bigarren urtez epaimahaiaren saria irabazi dute. Zapaburu Gazte Konpartsaren Youtubeko kanalean ikugai daude lehiaketara aurkeztutako lanak.

Film laburra sortzeko, aurretik zeozer pentsatuta zenuten?
Urko Zamakona (1986): Argi genuen bazkaldu eta pare bat trago hartuta hasiko ginela ideiak botatzen.
Markel Sanchez (1991): Berez, lehiaketaren oinarria da aurrez ezer pentsatu barik, 24 orduan film laburra sortzea. Gaia jaso genuen eta bazkaritan ideiak pentsatzen hasi ginen.
Mikel Gandarias (1991): Googlen ikusi genuen bi garagardo direla muga inspiraziorako.

Googlen asko sinesten duzue?
Mikel: Bada, Googlek salbatu zigun bideoa.
Markel: ‘Bukle’ berba jarri genuen Googlen, eta han teoria bat ikusi genuen, denboran aurrera eta atzera egiteaz berba egiten zuena. Ez genuen askorik ulertu, eta ez ulertze horretatik sortu zen film laburreko gaia.
Urko: Efecto mariposa deitzen da. Film bat ere badago horri buruz.

‘Bukle’ eta ‘eskobilla’ gaiak irakurtzerakoan, zer bururatu zitzaizuen?
Mikel: Durandog bururatu zitzaigun. Beti txakurren kakekin gabiltzanez, lehen ideia zen goizero txakur kakak zapaltzen zituen persona bati buruzko bukle bat egitea.

Baina, denboran atzera salto egiten duzue film laburrean. Ideia horretara, zelan heldu zineten?
Julen Bordes (1991): Pentsatu genuen denboran atzera egitea eta zenbait egoera grabatzea. Egunez grabatu beharrekoak izan ziren lehenengoak.

Alde Zaharrean zaudetela, badago sekuentzia bat efektu berezi bategaz. Zuek aurrera zoazten heinean kaleko jendea atzerantza doa. Nola grabatu zenuten?
Markel: Kalean jarri eta hauxe esan genion jendeari: “Mesedez, jendea behar dugu atzerantza ibiltzen”. Eta oso jatorrak garenez eta jende askok ezagutzen gaituenez, jaramon egin ziguten. Alde Zaharreko bizilagunak oso aktore onak direla esan behar dugu. Eskerrik asko denoi.

Zelan antolatu zenuten taldeko lan guztia?
Jon Ander Zelaia (1994): Bada, ni lo gelditu nintzen. Bazkarira joan nintzen, brainstormingerako gonbidatu moduan. Etxean bakarrik bazkaltzearen edo nire anaiaren kuadrillakoekin ekarpenen bat egitearen artean, bigarren aukera hobea zela pentsatu nuen. Kontua da pare bat trago edan eta ideiak bota eta bota hasi nintzela.
Urko: Berotu egin zen, bai.
Markel: Gero paper bat ere eman genion.

Eta, editatzeko?
Markel: Julen da editatzeaz zeozer dakiena. Bera editatzen zebilen bitartean, gu laguntzen aritu ginen, edo interneten tutorialak ikusten zelan editatu jakiteko. Editatzen dakiten bi kide ditugu, baina aurten ez dira egon. Horrela ibili ginen goizaldera arte, 01:00etatik 07:30era.

Lehiaketa honetan beteranoak zarete.
Mikel: Iaz epaimahaiaren saria eskuratu genuen, eta aurrekoan publikoarena. Espero dugu datorren urtean beste talderen batek destronatzea. Horrela, erretiratu ahalko gara.

Grabazioan ondo pasatu zenuten. Igartzen da.
Urko: Bai. Kotxeko irudien grabazioan, garaje batean garrasika egon ginen, gidoiak hala eskatuta. Argia joaten zen, eta ni eman eta eman ibili nintzen.
Jon Ander: Eta ni linterna bategaz beraiek argiztatzen.

ANBOTOri ere keinua egiten diozue.
Markel: Gure erreferenteak ANBOTO eta Forocoches dira, betidanik.

Zuen bizitzan atzera eginez gero, zer aldatuko zenukete?
Mikel: Medikuntzan beharrean aktore eskolan apuntatuko nintzen.
Urko: Zornotzako jai batzuetan trena joan egin zitzaigun eta oinez etortzea erabaki nuen. Agria parean bazter-babesaren kontra kolpea hartu nuen eta orban handi bat daukat belaunean. Ahal banu, atzera bueltatu eta hurrengo trenari ordu erdi itxarongo nion.
Markel: Ni bideoa grabatzen ibili ginen momentura itzuliko nintzateke, eta ez nioke Anariri hain kritika ‘sinploia’ egingo bere abestiak tristeak direla esanez, ze, benetan  esanda, bere zale sutsua naiz.
Julen: Gaur goizean ez nintzateke lanera joango. Lo geldituko nintzateke etxean. Askoz hobeto izango litzateke. Gaur bai.
Jon Ander: Nik ez nuke ezer aldatuko. Konta daitekeenik ez behintzat.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!