Aurten antolakuntzan diharduzu. Zein da zure eginkizuna?
Lasterketan motorrean doazenak, argazkilariak, kamerariak eta abar, tropela noiz aurreratu dezaketen eta noiz ez kontrolatzen dut. Bideak nahiko estuak direnez, une askotan ezin dute aurreratu. Nik erabakitzen dut noiz aurreratu dezaketen. Azken urteetan arazo nahiko izan dira motorrekin eta UCI kontzientziatuta dago arlo horretan. Ni epaile aritu naiz beti, baina aurten arlo hori kontrolatzeko eskatu didate, eta horretan dihardut.
Motor-gidariei irizpide batzuk markatzen dizkiezue?
Lehenengo egunean batzar tekniko bat izan genuen epaileekin eta motor-gidari guztiekin, eta irizpideak markatu genituen.
Dena araututa egon arren, lasterketetan ezustekoak eta estres uneak izaten dira?
Bai, bai. Itzuliko lehenengo egunean, esaterako, Jaizkibeletik aurrera 60 bat kilometroan motor-gidariek ezin izan zuten aurreratu. Igoeretan ezin da, eta jaitsieretan, are gutxiago. Ondoren, Donostian sartu ginen, errepide estuetan. Igeldon, beste hainbeste. Une batean motor asko genituen bata bestearen atzetik, ilaran. Baina hau horrela da. Lasterketak telebistaz ematen dira, Europa osoan ikusi daitezke eta ahalik eta irudirik onenak eskaini behar dira.
Lasterketa batean epaile asko izaten dira?
Euskal Herriko Itzulian, esaterako, hiru mailatako epaileak daude. UCItik hiru datoz, estatutik beste hainbeste, eta Euskal Herriko federaziotik bi: zortzi, guztira. Nazioartekoek dute ardurarik handiena, eurena izaten da azken hitza.
Zelan banatzen dira lasterketan? Denak errepidean izaten dira?
Bat kronometratzailea da, denborak hartzen ditu. Motorrean doan beste batek mendiko eta tarteko helmugetako denborak hartzen ditu, esaterako. Beste hiruk lasterketa kontrolatzen dute eta uneoro nazioarteko batzordeagaz hartu-emanetan daude.
Epaile lanetan zabiltzanean, zein izaten da jokabide eraginkorragoa, malgutasunez ala zorrotz jokatzea?
Unearen arabera. Erabaki batzuk gogorrak izan behar dira, eta motor-gidari bat egoztea erabaki zenezake. Telebistako kameraria zeraman motor-gidariren bategaz gertatu da inoiz, ez zituelako irizpideak betetzen.
Autoetan joaten diren taldeetako zuzendarien artean, zelakoa da panorama? Imajinatzen dut batzuk besteak baino gehiago kexatuko direla.
Bai, jakina. Nazioartetik datozen epaileek ondo ezagutzen dituzte. Batzuk problematikoagoak dira eta beste batzuk formalagoak. Baina, tira, kirol denetan moduan.
Zer duzu gurago, aurten egiten zabiltzan lana ala epaile aritzea?
Urte osoan epaile aritzen naiz. Euskal Herriko Itzuliko antolakuntzan lehenengo esperientzia dut honetan eta, egia esanda, gustura nabil.
Epaile zabiltzanean, zer ardura izaten duzu normalean?
Lasterketaren arabera. Nazioartean nabilenean, lasterketetako presidentearen eta bere hurrengoaren azpitik aritzen naiz. Estatuan presidente moduan ere aritzen naiz eta nirea izaten da azken hitza.
Zein izan da zure ibilbidean hartu behar izan duzun erabakirik konprometituena?
Erabakiak hartzea egokitu izan zait, baina erabaki gogor-gogorrik ez dut hartu behar izan. Arazoren bat badago, aurretik berba egitea gustatzen zait.
Elkarrizketarako irekia zara?
Lehenengo berba egin eta abisatu. Hori egin ostean, egoerak berdin jarraitzen badu eta beste biderik ez badago, ba, erabakiak hartu behar izaten dira.
Nondik datorkizu epaile lanetarako afizioa?
Aita Duranguesa elkartean egon zen eta osaba txirrindularitza epailea izan zen. Osabak errepideko zein ziklo-kroseko lasterketetara eramaten ninduen. Orduan izan nituen lehenengo esperientziak.