‘Zintzilik’ lan berria aurkeztuko du Plateruenean Olatz Salvadorrek

Aritz Maldonado 2018ko api. 5a, 12:43

Olatz Salvadorrek bakarlari gisa sorturiko abestiek osatzen dute Zintzilik. Musikari donostiarrak Skakeitan taldean hasi zuen ibilbide musikal profesionala, eta duela lau urtetik hona, gitarra lagun, bakarlari gisa ere badabil. Hain zuzen, urteotan ondutako bederatzi abestik osatzen dute Zintzilik.

Gitarragaz sorturiko abesti hauek janzten lagundu diote Julen Idigorasek (bateria), Jagoba Salvadorrek eta Borja Antonek (gitarra). Domekan, Plateruenean aurkeztuko ditu, Aperitifa sessions delakoaren baitan; 13:00etan hasiko da emanaldia. Hainbat artista igaro dira denboraldi honetako Aperitifatik, besteak beste, Mice eta Eneritz Furya.

Diskoa Eñaut Gaztañagaren Gaztain estudioetan grabatu du Salvadorrek, Kulunka abestia izan ezik. Hau Mecca estudioetan grabatu du, aita eta osaba dituen Iñaki eta Eduardo Salvadorregaz batera. Diskoan beste kolaborazio batzuk ere eduki ditu donostiarrak: Jon Basaguren (Izaki Gardenak), Juantxo Arakama (Glaukoma) eta Maria Bustos txelo-jotzailea, besteak beste. Berbetan, berriz, korapiloak askatzeari buruz jardun da Salvador; abesti bitan Ane Labakaren eta Beñat Gaztelumendiren testuetan oinarritu da. Zintziliken diseinuari dagokionez, Nagore Legarretarenak dira argazkiak, eta Maitane Gartziandia arduratu da diseinuaz. Airaka argitaletxeak kaleratu du diskoa. Domekako (apirilak 8) emanaldia 13:00etan hasiko da, eta doakoa izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!