Martxoak 31

Karmele Zamalloa lekuko iurretarrak egin du bonbardaketako biktimen aldeko lore eskaintza

Markel Onaindia 2018ko mar. 31a, 20:36

Karmele Zamalloa Zarate 94 urteko iurretarrak Amatza auzoko Bargundia baserrian bizi izan zuen kolpisten bonbardaketa. Leihotik ikusi zituen hegazkinak etortzen, eta euren etxean ere jausi ziren bonba batzuk, kalteak sortuz. "Ea osatzen garen", esan du amaieran, erasoak ariman utzitako zaurien harira. 336 hildako eragin zituen erasoak.

Zauri horiek aipatu ditu Koldo Katxo jesuitak ere. "Zauriok, gorputzetan ez ezik, bihotzean ere iraun dute". 75 urte bete dira jesuiten eliza berri altxatu zutenetik, eta horregatik, erakusketa ipini dute ateetan. Gainera, sasoi hartako irakasle errepresaliatuak gogoan izan ditu Katxok.

Gerediagak antolatutako ekitaldian Kriskitineko dantzariek ere parte hartu dute, eta Aitor Bizkarra eta Txaber Altube bertsolari abadiñarrek abestu dute amaieran.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!