Gobernu Taldea: "EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak aurkeztutako errekerimenduak asmo oportunista eta izaera elektoralista bat besterik ez du"

Jone Guenetxea 2018ko mar. 27a, 18:04

Durangoko Udaleko Gobernu Taldeak Euskal Trenbide Sareakekin (ETS) sinatutako hitzarmenaren kontra aurkeztutako administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren izapidetza onartzearen inguruan prentsaurrekoa eman zuten atzo EH Bildu eta Herriaren Eskubidea alderdiek. Gobernu Taldeak (EAJ-PSE-EE) ostera, auzibide horren atzean oposizioko bi alderdi horien aldetik "asmo oportunista eta izaera elektoralista" dagoela dio. Gobernu Taldeak prentsa oharrean argitu duenez, salaketa tramitera onartzeak ez du nahitaez esan nahi salaketak aurrera egingo duenik" ez eta hitzarmena "blokeatuta" dagoenik ere.
 

Hortaz, Gobernu Taldearen eta ETSren arteko konpromisoak indarrean darraiela gogoratu dute. "Errekurtsoaren izapidetza onartzeak, ez du suposatzen ezer, ez inolako iritzi edo pentsamenduren baieztapenik, ezta egiaztapenik ere. Ez du ezer esan nahi, eta inola ere ez du aurretik juzgatzen aipatutako prozeduran eman litekeen azken ebazpena". Era berean, Gobernu Taldearen ustez auzibide honek "durangarrei eta ondorioz bere ongizateari eta udalerri honen garapenari kalteak sor diezaizkioke".
 
Oharrean, EAJ-PSE-EEko ordezkariek mezua bidali diete oposizioko bi alderdiei: "Talde hauei oposizio erantzule eta arduradunarekin jarraitzeko eskaera egiten diegu, azken finean, hori baita hautetsontzietan emandako mandatua, eta bakarrik onura mediatikoa lortzeko helburua duten trikimailuak alde batera uzteko. 
ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!