“Gorputzarentzat jipoi handia izan zen hiru borrokalditan aritu behar izatea”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 23a, 11:22

Boxeoko hainbat modalitate praktikatzen dituen Joel Gonzalez gazte durangarra Muay Thaiko —Thailandian jokatzen den boxeo mota—Espainiako Txapeldun berria da.

Espainiako Txapelketan urrezko domina irabazi berri duzu. Nola joan zen txapelketa?
Barikuan, 21:00etan, heldu ginen Bartzelonara, eta guretzat orduan hasi zen txapelketa, pisaketa eduki genuen eta; gure lehenengo borrokaldia. Ostean, zapatuan, berriz ere pisatu gintuzten, eta egun guztian zehar hiru borrokaldi gainditu behar izan nituen urrezko domina eskuratu arte.

Ez zen erraza izango egun bakarrean hiru aurkariren kontra aritzea.
Egia esan, gogorra izan zen. Gorputzarentzat jipoi handia izan zen hiru borrokalditan aritu
behar izatea.

Txapelketaren hasieran garaipena eskuratzea espero zenuen?
Egia esan, pisaketa izan genuenean eta bertan zeuden borrokalariak ikusi nituenean, harritu egin nintzen. Hala ere, adoretsu nengoen une oro, eta konfiantza nuen nire buruarengan.

Otsailean Euskadiko txapeldun gelditu zinen; orain, berriz, Espainiako txapeldun. Prestaketa bereziren bat egin duzu?
Normalean, jendeak atseden hartzen du txapelketa batetik bestera, baina nik ez dut horretarako denborarik izan. Astean bost bat bider entrenatzen egon naiz, Durangon eta Elorrion. Horrez gain, korrika egitera ere irten naiz eta jatekoa ere asko zaindu dut. Guretzat elikadura zaintzea ezinbestekoa da, horrek ematen digu-eta energia.

Zer ematen dizu Muay Thayak?
Gauza asko ematen dizkit eta horrek izugarri betetzen nau. Horrez gain, konfiantza ikaragarria eman dit, eta baita lagun oso onak ere.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Hurrengo erronka nagusia apiril inguruan daukat, Kick Light modalitateko Espainiako Txapelketa.Hala ere, aurretik beste txapelketa batzuk ere baditut. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!