“Gola sartu nuenean ezin nuen sinetsi. Une pozgarria eta hunkigarria izan zen niretzat”

Joseba Derteano 2018ko mar. 23a, 19:00

Lesioak kirolarien amesgaiztoak dira. Beñat Cortazarri (Durango, 1994)  hiru urte iraun dio amets txar horrek. Mokorreko lesio bat gainditu ezinik ibili da. Ebakuntza baten eta errekuperazio luzearen ostean, zelaietara itzuli zen joan zen asteburuan eta gol bategaz ospatu zuen.

Durangoko Kulturalaren bigarren taldeko jokalariarentzat une berezia izan zen. “Zer gehiago eskatu dezaket? Gola sartu nuenean ezin nuen sinetsi. Une pozgarria eta hunkigarria izan zen niretzat”, adierazi du. Aurrera jarraitzeko indarra eman diola onartu du. “Oso motibatuta nago. Orain lanean jarraitu behar dut. Liga amaitu arte geratzen diren ligako partiduetan erritmoa hartuz, apurka gora egitea ditut helburu, hurrengo denboraldian topera ibiltzeko”, esan du.

Hiru urteko kalbarioa
Durangoko Kulturalean hazi eta hezi den jokalariak orain hiru urte hasi zuen gurutzebidea. Lehenengotan, iztaiko arazoa zela pentsatu zuen. Kulturaletik Elorriora joan zen eta urtebete inguru eman zuen han. “Jokatzen hastean, gelditu egin behar nuen. Ondoren, itzuli eta berriro geratu behar. Ezin nuen horrela jarraitu. Futbola utzi eta zer nuen ondo begiratzea erabaki nuen”, adierazi du. Une gogorra izan zen berarentzat. “Bizitzako bolada txar batean nengoen eta futbola hori dena kanporatzeko erabiltzen nuen. Futbola dena zen niretzat. Zelaian nengoenean, burutazio txar guztiak joaten zitzaizkidan. Beraz, erabat uztea gogorra egin zitzaidan”, onartu du.

Lesioa ez zegoen iztaian, mokorrean baizik. Medikuek esan zioten beharbada ezingo zuela berriro jokatu. Ebakuntza egin zioten eta ikusi zuten lesioa ez zela hasieran uste zutena bezain larria. Itzultzeko aukerak zituen eta urtebeteko errehabilitazio luzean murgildu zen. Urtarrilean Kulturalak B taldera batzeko aukera eskaini zion eta joan zen asteburuan itzuli zen.

“Kluba eta Txotxe entrenatzailea eskertu gura ditut, eskaini didaten aukeragatik. Baita jokalariak ere, eman didaten tratu onagatik, eta Asier Basabe masajista, asko lagundu didalako”, adierazi du.

Kulturaleko bigarren taldeak 19 garaipen daramatza jarraian eta lider dago. Ez da kasualitatea, Cortazarren iritziz. “Kalitate handiko jokalariak daude eta talde moduan funtzionatzen dute”, azaldu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!