DRTren jaitsiera ez litzateke “drama bat” izango, zuzendaritzaren esanetan

Joseba Derteano 2018ko mar. 22a, 17:00

Arrakastak eta porrotak helburuen arabera sailkatzen dira. Orain 31 urte sortu zutenetik, Durango Rugby Taldeak errugbia sustatzea eta etxeko jendeari errugbian aritzeko aukera eskaintzea ditu helburu nagusi, garaipenen aurretik. Ildo horretatik, errugbi eskola gaztez beteta dute eta 18 urtez azpiko taldeak klubeko jokalariekin bakarrik osatzeko moduan daude.

Beraz, 15 urteren ostean talde nagusia Ohorezko B Mailatik jaisteko zorian egotea “ez da drama bat”, Juan Manuel Iriondo DRTko presidentearen ustez. “Atzetik jenderik ez etortzea litzateke guretzat drama, eta alde horretatik nahiko ondo gaude. Beheko mailetan lan ona egiten gabiltza eta badator jendea. Guk etxeko jendeagaz jokatzen dugu, hori da lehentasuna. Jaisten bagara, datorren urtean berriro igotzen saiatuko gara eta kito, ez dago besterik. Ezin gara triste egon, inondik inora”, adierazi du Iriondok.

Joan zen asteburuan, hil ala biziko partiduan, 52-24 galdu zuten Vigo aurkari zuzenaren kontra. Galiziarrak bost puntura egin dute alde sailkapenean.

Berez, Ohorezko B Mailatik talde batek jaitsi behar luke eta DRT azken aurreko dago. Zoritxarrez, miraririk ezean, Getxo jaitsi egingo da Ohorezko Mailatik eta, jaitsiera horren ondorioz, Ohorezko B Mailako azken aurrekoak ere maila galduko luke. DRTren mailan lider dagoen Burgosek igotzea lortuko balu, egoera berriro orekatuko litzateke, baina hipotesi konplikatua da.

Borrokan, azken unera arte
Edozelan ere, azken unera arte borrokatzeko prest dago Durango Nissan Gaursa taldea. Zapatuan, 17:00etan, ligako azken partidua jokatu dute Arripausuetan, Zarautzen kontra, eta ahalik eta punturik gehien batzen saiatuko dira, helburu bigaz: Vigo aurreratzea eta Oviedo azken sailkatuak eurak ez harrapatzea. Azkenean, azken aurreko postuan geratzen badira, Getxok eta Burgosek hurrengo asteetan zer egiten duten zain geratu beharko dute, mailaz jaisten diren ala promozioa jokatzen duten jakiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!