Durangaldeko hamasei emakume artistaren obra bana dago ikusgai joan zen eguenetik; apirilaren 15era arte egongo da ikusgai erakusketa. “Arte Ederretako ikasleen artean gehienak emakumeak izanik, aukera gehiago eskaini behar zaizkie erakusteko; esposizio hau lehenbiziko pausoa izan daiteke”, dio Arrizabalagak. Aurrerago horrelako erakusketa gehiago egiteko aukerak aztertzen ari dira museoan. Besteak beste, Irati Eguren, Iraia Okina, Nagore Txintxurreta eta Goiuri Alekoa-Otaloraren lanak egongo dira ikusgai Hausnarketak erakusketan. Obrak denetarikoak dira; oleoak, grabatuak eta eskulturak daude, besteak beste; koloretan daude lan batzuk; beste batzuk, ostera, zuri-beltzean. “Hamasei obra horien atzean hamasei emakume daude, hamasei ikuspegi”, azaldu du museoko zuzendariak.
Hausnarketa inaugurazioan
Egueneko irekieran, hainbat emakume artista bildu ziren museoan. “Emakume izateak duen eraginaz berba egitea zen asmoa; izan ere, badaude faktore batzuk gizonezko artistei eragiten ez dietenak; haurdunaldiak, esate baterako”, azaldu du Arrizabalagak.