“Bezeroen ilusioa betetzeko bidaia horretatik zer espero duten jakin gura izaten dugu”

Jone Guenetxea 2018ko mar. 17a, 10:30

Paradisua diruditen hondartzen edertasuna, New Yorkeko zalaparta zein itsas bidaietako lasaitasuna. Bikote batek ezkonbidaiarako desio duen guztia aurkituko du Eroski Bidaiak-en. Esther Izquierdo Lejardi (Durango, 1974) agentzia honetako arduradunak mimo handiz prestatu beharreko bidaiak direla nabarmendu du.

Bikoteak ezkonbidaiari buruz galdetzera datozenean, zeren bila datoz?
Lehenik eta behin, informazioa jaso gura izaten dute. Kasu ugari topa ditzakegu. Batzuek oso argi dute zer gura duten. Beste batzuek, ostera, ez dute oso argi eta aukerak aztertu gura dituzte.

Zein aholku ematen dizkiezue?
Bezeroaren ilusioa betetzeko bidaia horretatik zer espero duten jakin gura izaten dugu, neurrira egindako bidaia antolatu ahal izateko. Batzuek esperientzia berezi bat gura dute, baina ez dute hegazkinean ordu asko pasatu gura, eta kasu bakoitzari bere denbora eskaini behar zaio. Utzi hegan egiten zure irudimenari, eta zure ametsek joan nahi duzun lekura eraman zaitzatetela. Horixe da gure filosofia.

Zein izaten da bikoteek ezkonbidaian gehien bidaiatzen duten sasoia?
Normalean, urrian edo azaroan etortzen dira galdetzera, eta denboragaz antolatutako bidaiak izaten dira. Apiriletik irailera bitartean bidaiatzen dute bikoterik gehienek.  

Bidaia hauek beste edozeinekin alderatuz, zein berezitasun izaten dute? Ezkonbidaia izatearren, badute detaile berezirik?
Bidaia guztiak dira bereziak, baina hau beste mimo bategaz prestatu beharrekoa da. Hotelei jakinarazi egiten diegu gela hobe bat edo fruta otzara bat jartzeko. Ziurtatzea zaila da, baina horrelako detaileak egiten dira, ukitu berezi bat emateko. Gainera, Eroski Bidaiak-ek merkatuko deskonturik onenak ditu.

Bikoteen artean, zer dago modan? Nora joaten dira ezkondu eta gero?
Itsas bidaiak asko zabaldu dira. Era berean, bikote askok Estatu Batuak aukeratzen jarraitzen dute. Asia aldea ere aukeratzen dute; Thailandia, Vietnam eta Japonia ere modan daude.

Leku finko batera barik, hainbat txoko ezagutzeko bidaiak nabarmentzen dira?
Batzuek hondartza aldean egon gura izaten dute, eta handik txangoren bat egin. Beste batzuek, aldiz, gehiago mugitu gura izaten dute, eta amaieran hondartzan amaitu. Hori bai, normalean bidaia luzeak izaten dira.

Hainbeste urtean bidaia agentzian lanean, anekdotaren bat izango duzu ezkonbidaien inguruan.
Bidaia ezeztatzea behin baino gehiagotan gertatu zaigu, ezkontza bertan behera gelditu delako. Urte batean, lankide batek hiru bikoterentzat ezkonbidaia prestatu, eta hiru neskak haurdun itzuli ziren.

Orain Aste Santuko bidaiekin ibiliko zarete. Kasu honetan, aurrerapen gutxiagogaz etorriko dira bidaia hartzera.
Bai, topera gabiltza Aste Santuko kanpainagaz. Gutxi gelditzen da oporretarako. Denbora gutxiagogaz etortzen da jendea, eta bidaiak gertuago izaten dira, bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!