Kirolenek film laburren lehiaketa ipini du martxan, kirola eta natura sustatzeko asmoz

Anboto 2018ko mar. 16a, 13:26

Maiatzaren 1era arte aurkeztu ahalko dira bideoak, eta hamar egun beranduago egingo den ekitaldi batean proiektatuko dituzte saritutakoak. Kirolene Film Fest izena ipini diote. Partaide guztiei Ordino-Arcalisen eskiatzeko forfait bat emango diete, eta proiekziorako sarrera erosten dutenei ere bai.

Askok jakin ez arren, Durangon du egoitza Kirolenek, kirol irakaskuntzarako ikastetxe publikoak. 900 ikasle inguru dituzte, kirol aktibitateetarako irakasle, entrenatzaile edo begirale izan gura dutenak. Kimetz Iturralde neguko kirolen arduradunak azaldu duenez, bertako irakasle batzuk bideo lehiaketa bat egitea pentsatzen hasi ziren, hasieran txikia izango zena eta ikastetxeko ikasleei zuzendua. Baina, Durangoko Udalaren laguntza jasota, herri osora hedatzea erabaki zuten. Udalaz gainera, Ordino-Arcaliseko eski estazioaren laguntza jaso dute, eta Baqué eta Dendak Bairena ere bai. 

11 sari
Film laburrak 7 minutukoak izan beharko dira gehienez, eta euregaz batera teaser bat ere entregatuko dute lehiakideek, antolakuntzako webgunean ikusgai jartzeko. Epaimahai batek aurkeztutako lan guztiak aztertu eta 11 sari banatuko ditu. Batzuk modalitateen araberakoak izango dira, baina nabarmentzekoa da euskarari eta inklusioari lotutako bana egongo direla ere bai.

Kirola eta natura eta sustatzea dira jaialdiaren helburuak. Aitziber Irigoras alkateak azaldu du gustura babestuko dutela lehiaketa, hainbat balio barnebiltzen dituelako; esfortzua, talde-lana eta ingurugiroaren zaintza, adibidez.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!