“Zaletasuna falta da, eta horretan eragiteko lanean ari gara zesta-punta eskolak ”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 18a, 11:00

Abenduan Ezkurdi Jai Alai pilotalekuko taberna utzi zuen Pedro Maria Garciak 'Garita' (1950), 24 urteren ostean. Hala ere, oraindik ez du lotura eten frontoiagaz. Jai Alai zesta-punta eskolako ardura darama 70eko eta 80ko hamarkadetan AEBetan zesta-puntalari profesional moduan jardun zuen zaldibartarrak. Martitzen eta eguenetan du ordua jokalari gazteekin. ANBOTOk Jai Alai frontoian jarri du hitzordua beragaz, eta penaz aritu da zesta-puntak bizi duen egoeraz.

Zer da zuretzat Jai Alai frontoia?
Uf! 13 urtegaz hasi nintzen jokatzen frontoi honetan. Zaldibartik etortzen nintzen entrenatzera. Bigarren etxea dut hau. Orduak eman ditut hemen, baina pozik!

Taberna utzi zenuen abenduan. Frontoitik ere jubilatuko zara?
Ez dakit, ba! Banabil ia erreleboa hartzen didaten, baina....

Berezia da Jai Alai frontoia?
Bai! Txikia da, partiduak ikusteko onena. Pilota entzuteko ere oso ona da, pilotariek ere hala diote. Jai Alain 800 bat lagunentzako lekua dago, baina inoiz 1.200 ere batu dira. Ataripe honetan, etxebizitzek ingururatuta, harrituta geratzen dira asko hemen frontoia dagoela-eta.

Telebistan zezenketak ikustera ere etortzen ziren batzuk Jai Alai frontoira...
Bai! Tabernako telebistan zezenketak jartzen nituen. Beti gustatu zaizkit. Koinatuagaz joan nintzen lehenengoz zezenketa batera, Bilbora, 14 urtegaz.

Zesta-puntaren saga mitikoa da zuona...
Alfredo lehengusuak eman zidan nire lehenengo zesta, Garitonaindia hura ere, eta, nire seme biak AEBetan ibiliak dira zesta-puntan —biak han jaiotakoak dira—. Gazteena uztailean etorri zen eta hemen jokatuko du udan. Beste lehengusu bat eta haren semea esku pilotan ibili dira.

Jarraituko du sagak?
Bederatzi urteko iloba ere badator atzetik. Neugaz hasi zen, sei urtegaz. Gero, Mutrikuko eskolan hasi zen. Urte batzuk daramatza han. Badaukat urte biko beste ilobatxo bat ere, eta harek ere badu berarentzako zesta txiki bat —zesta-puntan aritutakoa da horren beste aitita ere—. Gure etxean oso bizirik egon da beti zesta-punta. Ez dut uste guk bizi izan genuen moduan biziko dutenik gure atzekoek; nahiago nuke hala balitz, baina sasoi haiek ez dira bueltatuko. Pena ere ematen dit. Otsailean Miamira joan nintzen eta 40 pertsona zeuden frontoian. Jarri duten Kasinoan zeuden denak. Barrena mugitzen du.

70eko eta 80ko hamarkadetan AEBetan jokatu zenuen. Nola gogoratzen dituzu sasoi haiek?
Zesta-puntan jokatzen uneoro. Domeketan jai izaten genuen; bestela, gauero jokatzen genuen. Astelehen, eguazten eta zapatuetan, eguerdian ere bai. Orlandon lau urte egin nituen, eta horren ostean beste sei Miamin. Bi saio izan genituen, baina gogoan dut 15.000 lagun batu zirela behin Miamin, frontoian. 1969an joan nintzen AEBetara, eta 19 urte egin nituen han. Dena den, zesta-puntan jokatutako azken bost urteetan, urte erdi Hartford-en (Connecticut)  egiten nuen, eta beste erdia hemen.

Hala ere, aurretik ibili zinen profesional mailan?
Bai. Bilbon ibili nintzen, eta 16 urtegaz Kanarietara joan nintzen. Ia urte eta erdi egin nuen han, etxera etorri gabe. Baina pozik ibili nintzen. Egunero jokatzen nuen. Ondoren, Zaragozara joan nintzen. Frontoi horiek ikasteko balio izan zuten, gero AEBetara joateko. Diru gehiago irabazten zen han. Udan hona etortzen ginen jokatzera; onenek jokatzen zuten. Udan jende asko batzen zen hemengo frontoietan.

Zesta-puntaren urrezko garaiak ezagutu zenituen.
Bai. Duela 30-40 urte 500 bat pilotari ibiliko ziren AEBetan, ia denak hemendik joandakoak. Orain, 60 daude. Orduan, 15 frontoi zeuden; orain, bi geratzen dira. Urte osoan egoten dira zabalik. Elkarte bat sortu guran, 1988an urte bi iraun zuen greba egin zuten zesta-puntalariek eta frontoi guztiak itxi ziren; afizionatuek zabaldu zituzten gero berriro, baina... Era berean, bestelako apustu jokoak hedatzen joan dira eta horrek frontoietan eragin du. Sasoi batean, frontoian eta zaldi lasterketetan baino ezin zen apustu egin.

Zer egin behar da zesta-punta indartzeko?
Zaletasuna falta da, eta horretan eragiteko lanean ari gara zesta-punta eskolak, Xistera elkartearen bitartez. Ikastetxeetan ari gara nola jokatzen den erakusten; ea baduen eraginik.

Durangon bada zesta eskola. Nolakoa da harrobia?
Batez ere, Markinan eta Mutrikun ari dira zesta-puntan. Hemen, gutxiago. Baina, non jokatzeko? Afizionatu mailan jokatzen dira txapelketak, baina profesional mailan lauzpabost partidu baino ez urtean. Esku pilotak baino tradizio handiagoa izan du zestak hemen, baina telebistan ikusitakoa gura izaten dute gaztetxoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!