DRTk 15 urte daramatza Ohorezko B Mailan eta jokalariek argi dute egoera zein den. “Hil ala biziko neurketa da. Galtzen badugu, zail izango dugu maila salbatzea”, adierazi du Aimar Urien kapitainak. “Gogotsu entrenatzen gabiltza, motibatuta gaude eta gogo handiagaz joango gara Vigoko neurketara. Dugun dena jarri behar dugu zelaian”, gehitu du.
Zelan heldu dira egungo egoerara? Batetik, eskuan izan dituzten puntu askok ihes egin diete sarritan. “Batzuetan, bigarren zatian desagertu egin gara. Eibarren kontra 20 puntu baino gehiagoko aldeagaz irabazten joan eta galdu egin genuen. Uribealdea, Bera Bera… kontrolpean genituen partiduak galdu ditugu. Orain puntu horien falta sumatzen dugu”, dio Urienek. Beharbada, esperientzia falta sumatu dute une konkretu batzuetan. Izan ere, talde gaztea dute. Batez besteko adina 22 bat urtekoa da.