Durango pailazoz beteko da Aste Santuan, beste behin

Aritz Maldonado 2018ko mar. 14a, 18:27

Bederatzi ikastarok eta bederatzi ikuskizunek osatuko dute aurtengo egitaraua. 120 lagunetik gora bilduko dira ikastaroetarako; horietako batzuk, egunean bina ikastarotan parte hartuko dute. 

Gorka Gansok aurkezpean esan duenaren arabera, topaketak erreferentziazko bilakatu dira estatu mailan. Horrez gainera, ekimenak goia jo duela adierazi du. "Publiko aldetik zein baliabide aldetik, ezin dugu gehiago eskaini. Jauzi bat gora eginez gero, egun duten giro ez masifikatu hori galduko lukete".

Ohi den bezala, etxeko zein nazioarteko taldeen antzezlanak egongo dira ikusgai martxoaren 28tik apirilaren 1era bitartean. Besteak beste, "Babo Royal"-en aurrestreinaldia eta Peter Shub ibilbide luzeko aktorearen "Stand Up and Fall Down" ikuskizunak nabarmendu dituzte. 

Sarrerak San Agustinen bertan, edo internet bidez erosi ahalko dira; antzezlan bakoitzerako sarrerak zortzi euroan erosi ahalko dira. Ikuskizun guztiak ikusi ahal izateko bonoa hogeita hamar euroan erosi ahal da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!