“Europako txapelketan pentathlonean domina bat irabaztea dut helburu”

Joseba Derteano 2018ko mar. 10a, 11:00

Altuera-jauzian zilarra eta 60 metroko hesi-lasterketan brontzea irabazi ditu Begoña Martinez Telleria Durango Kirol Taldeko atletak. Atseden hartzeko ia astirik barik, hurrengo hitzordu garrantzitsua prestatzen hasiko da: martxoaren 23an Madrilen izango den Europako txapelketa.

Pozik zaude Espainiako txapelketan lortutako emaitzekin?
Bai. 60 metroko hesi-lasterketako irabazleak Espainiako errekorra hautsi zuen eta beste maila batean zegoen. Bigarrenak ere denbora oso ona egin zuen. Ni pozik nago egin nuen markagaz [9,93 segundo]. Altuera-jauzian aspaldian horrelako marka [1,41 metro] lortu barik negoen. Pozik nago, bai.

Jauziren bat eskatzen duten probetan irabazi dituzu dominak.
Bai, horrelako probetan nabil ondoen. 2016an Espainiako pentathlon txapelketa irabazi nuen, eta iaz bigarren geratu nintzen.

Espainiako errekorrik hausteko aukerarik ikusten duzu?
Oso zaila da. Beteranoetan maila handia egoten da, jendeak uste duena baino handiagoa. Asko entrenatzen diren atletak daude.

Zuretzat ez ezik, zure Durango Kirol Taldeko taldekide batzuentzat ere txapelketa emankorra izan da.
Bai, hainbat domina irabazi ditugu, eta poztekoa da hori. Aurora Perezek urrea eta Javier Soberak brontzea irabazi dute. Sonia Oceja, berriz, dominen atarian geratu da. Oso ondo aritu zen, baina bere proban ere maila handia zegoen.

Taldean giro ona duzue?
Bai, dena ez da lehia guretzat. Ahalik eta markarik onenak egiten saiatzen gara. Gure burua proban jarri eta dena ematen dugu, baina elkarregaz pasatzen dugun denbora ere bada faktore bat atletismoan ibiltzeko. Horrelako giroa izatea pozgarria da.

Martxoaren amaieran Europako txapelketa izango da, Madrilen. Zer helburugaz zoaz?
Pentathlonean parte hartuko dut. Gaur egun sailkapenaren laugarren tokian nago. Beraz, dominaren bat irabaztea dut helburu. Brontzea, beharbada. Ikusiko dugu. Europako atletarik onenak batuko dira, eta ez da erraza izango.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!