“2018a ez da iaz bezain ongi hasi; heltzear dira interesgarriak diruditen proiektuak”

Aritz Maldonado 2018ko mar. 9a, 12:10

Mazinger Zgaz hazi zela, Twin Peaks eta Expediente Xgaz heldu zela, eta Perdidosek eta Prison Break-ek guztiz harrapatu zutela aitortzen du Marc Ambitek. Ordutik, ez dio telesailak ikusteari utzi.

Zer ikusiko duzue tailerrean?
Telesailen narrazioaren eta bestelako diziplina narratiboen artean (literatura, komikia, argazkigintza, irratia, antzerkia, eta, nola ez, zinema) eraiki daitezkeen zubiei buruz jardungo gara. Telesailen urrezko hirugarren aro honi oso ondo datorkion galdera baten bueltan arituko gara: telesailek lengoaia narratibo propioa dute? Ala, beharbada, beste diziplinaren batetik “lapurtu” dute? Galdera egokia da nire iritzian, azken aldian sarri aipatzen baita zein zinematografikoa den narrazioa egungo telesailetan. Telesailek zine munduko profesionalen nolabaiteko inbasioa jasan dute azken urteetan; hala ere, bestelako iturrietatik ere edan dute.

Tailerrak dinamikoak izan ohi dira. Zenbat jende egon ohi da?
Urtero, gero eta jende gehiago etortzen da. Telebistako fikzioa osasuntsu dagoen adierazlea da hori. Parte-hartzea sustatzea ikaragarri erraza da, izan ere, tailerrak irauten duen lau orduetan, 300 telesail baino gehiago aipatzen dira. Imajinatu dezakezun bezala, ikusita dituzun telesailei buruzko hainbeste estimulu jasota, erraza da “Nik hori ikusi dut” edo “Hori bikaina da!” esatea. Tailerreko gai zehatza zein den ez da garrantzitsua izaten (hirugarren urtea da, eta bakoitzean gai bat jorratu dugu); ehunka telesail erabiltzen ditugu beti adibide moduan, eta errepaso zabal bat egiten diogu telesailen historiari, 50eko hamarkadatik hasi eta gaur egun arte. Bestalde, zenbait dinamika prestatuta eramaten ditut, parte-hartzea bultzatzeko. Sintoniak asmatzeko jokoa, edo trivialak... Aurtengo saioetarako, pare bat dinamika prestatu ditut bereziki.

Zaletasuna dago Durangon?
Bai, natorren hirugarren aldia da jada! Plazer bat da beti Durangora etortzea, eta zale fidelekin berriz batzea. Telesail pila bat ikusten dute, gainera; nik baino gehiago, ziur! Gehienak koaderno bategaz datoz, eta aipatzen diren telesailak apuntatzen dituzte. Hori da gauza interesgarrienetako bat, berez luzea den zerrenda bat handitzea. Honek beste hausnarketa bat dakar: ikusleen garapena. Egungoa zorrotzagoa da, ezagunago ditu telesail berrien lengoaiak, eta ez ditu kontsumitzen ondo pasatzeko bakarrik.

Osasuntsu dago estatuko fikzio telebisiboa?
Ziurrenik, bere momenturik gozoenean dago. Telesailen hirugarren urrezko aroa AEBetatik iritsi da, baina bertako ikusleek ere ikusi dute, eta bertako fikzioekiko exigentzia maila igotzea ekarri du horrek. Horrela, Los Serrano edo Los Hombres de Pacotik, Las Chicas del Cable edota Ministerio del Tiempora igaro gara; gerta daiteke bi telesail hauek gustuko ez izatea, baina ekoizpen duina eta oso profesionala dutela onartu behar zaie. Aurten bertan, La Pesteko atal bakoitzeko milioi bat euro inbertitu ditu Movistarrek. HBOk Game of Throneseko atal bakoitzeko inbertitzen dituen 10 milioietatik urruti daude oraindik, baina hobetzeko gogoa dagoela erakusten du.

Zeintzuk izango dira 2018ko eskaintzarik interesgarrienak?
2018 hau ez da hasi 2017a hasi zen bezain ongi. Philip K. Dick-en Electric Dreams, edo Mosaic eta Altered Carbon apustuek harrera epela jaso dute. Hala ere, hilabete asko daude aurretik, eta oso interesgarriak diruditen proiektuak heltzear daude. Adibidez, Daniel Bruhlek parte hartzen duen El Alienista. Counterpartek ere interesgarria dirudi. Bestalde, AMCk Dan Simmonsen The Terror nobelaren adaptazioa estreinatuko du. Roseanne sitcom mitikoaren itzulerak nolako harrera izango duen kuriositatea dut, baita Sharp Objects-ek eta Castle Rock-ek ere. Eta, nola ez, Coen anaien The Ballad of Buster Scruggs-ek. Azkenik, ikusteko dago zer egingo duen Amazonek El Señor de los Anillosen unibertsoagaz. Urtero bezala, itxaropen handia dago telesail berriekin, baina ikusi egin beharko da nolako harrera duten.

“Onena klasikoekin hastea dela uste dut”

Telesailen mundura jauzi egiteko, klasikoekin hastea da onena, Marc Ambiten ustetan. Besteak beste, The Wire, Perdidos, Breaking Bad, Los Sopranos, The Shield eta A Dos Metros Bajo Tierra dira bere kutunak. “Beharbada ez dira historiako onenak izango, baina nire iritzian horietako asko dira onenak. Kutxa inozoari etekina ateratzeko asmoa duen edozeinentzat zoragarriak izango dira telesail horiek, eta asko gozatuko dute”, argudiatu du Ambit katalanak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!