Ardanzari 17 urteko kartzela zigorra ezarri zioten 2006an, Ofelia Hernandezen heriotzaren errudun jo baitzuen epaileak. 11 urtez espetxean egon ostean, iaz lortu zuen hirugarren gradua. Pilar Riosen ustez, barikuko erasoak zerikusi zuzena du berak udalean duen Berdintasun arloko presidente karguagaz -alkateorde ere bada-. Durangoko 4. instrukzio epaitegiko epaileak, gaur goizean bertan, lau hilabeteko urruntze-agindua ezarri dio Felipe Ardanzari mehatxu-delitu bat egiteagatik; baldintzapeko askatasunean dago Hernandezen hilketagatik, baina epaileak ez dio kendu. Rios atzo egon zen epaitegian, Aitziber Irigoras alkateak eta PSE-EEko hainbat kargudunek lagundurik. Hain zuzen, PSE-EEko Bizkaiko exekutibak babesa erakutsi dio Riosi ohar bidez, eta berak urteotan egindako lana goraipatu du.
Udalaren babesa
Udaleko bozeramaileen batzordeak gertaera salatzeko adierazpena onartu du aho batez. "Gure elkartasuna, adeitasuna eta gertutasuna erakutsi nahi diogu Pilar Riosi; halaber, babesa ematen diogu bortizkeria matxistaren aurka eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren alde sustatzen ari den lanari eta, aldi berean, egiteko horretan oldartsu jarraitu dezala desio diogu", diote adierazpenean. Eguenerako Plataforma Feministak deitutako mobilizazioan parte hartzeko deia egin du udalak.