Bizkaiko eta Gipuzkoako sei talderik onenak sailkatu dira igoera faserako. Durangarrek etxean jokatuko dute aurreneko partidua. Zapatuan izango da, 20:00etan, Landako kiroldegian. Irauli Bosteko talde donostiarra —sasoi bateko Bera Bera— izango dute aurkari. “Talde ona da, baina igoera faseko talde denak dira maila handikoak”, uste du Bereinkuak.
Sei taldeko ligaxkako onena Euskal Ligara igoko da zuzenean. Gainerako bostek beste fase bat jokatuko dute mailaz igoko duen bigarren taldea erabakitzeko. Igoera lortzea “zail” ikusten du Bereinkuak. “Fase hau jokatzea bera sari handi bat da. Ez genuen inondik inora espero. Baina sekula ez da jakiten. Guk zelako eguna dugun, aurkariak zelakoa duten… gu dena emateko prest gaude”, adierazi du. Gainera, badakite presiopean jokatzen. Liga erregularreko azken partiduan, sailkapenean aurretik zegoen San Adrian 22-24 menderatu zuten, euren tokia hartuz eta igoera fasera sailkatuz. Hainbat urtean elkarregaz jokatzen dabiltzan jokalarien “konpromisoa eta heldutasuna”, nabarmendu ditu Bereinkuak.
Asteburuko partidurako jokalari bi dituzte lesionatuta, baina ez da aitzakia. Talde zabala dute —15 jokalari— eta badago non aukeratu.