Iurretakotik etorritako jokalari bi kenduta, gainerakoak Kulturaleko harrobikoak eta oso gazteak dira: jokalarien %90ek 21 urte edo gutxiago dituzte. Gainera, euretako bi sarritan deitu dituzte lehenengo taldetik: Iker Unzueta abadiñarra eta Ander Zuazo durangarra. Dagoeneko Hirugarren Mailako bina partidutan parte hartu dute.
Talde nagusiagaz kohesioa
Talde nagusiko gidariek gertutik jarraitzen diote gazteen garapenari, Jose Antonio Sanchis Txotxe gazteen taldeko entrenatzailearen esanetan. “Oso kontuan hartzen gaituzte. Astero galdetzen digute zelan gauden eta ezer behar dugun. Talde bien arteko kohesioa dago eta hori inportantea da. Momentuz, proiektuak oso ondo funtzionatzen du”.
Txotxek oso ondo ezagutzen ditu jokalariak Kulturaleko harrobiko entrenatzailea izan delako. Horregatik eskaini zioten proiektu berriko gidaritza. Gazteak oso motibatuta dabiltzala dio eta denek ematen dutela berea. “Golik gehien sartu duen taldea gara eta jokalari askoren ekarpenari esker da. Ez dugu golegile nabarmen bat, hainbat gol sartu dituzten asko baino”, adierazi du. 20 partidutan 57 gol daramatzate eta taldeko pitxitxia Iker Unzueta da, bederatzi gol sartuta.
Albisterik txarrena Carlos Cañadaren belauneko lesioa da. Iaz 40 gol sartu zituen, baina denboraldi honetan ezingo du gehiago jokatu.