Bi lanek unibertsoa eta giroa partekatzen dituzte, eta obra bakartzat ere ulertu daitezkeela azaldu zuen azkoitiarrak bere garaian eginiko aurkezpenean. Hitzei dagokienez, kontzeptu bera darabil bueltaka Alberdik oraingo honetan ere. “Epilogo usaina duen garai batean egindako epilogo bat da”, azaldu du abeslariak.
Kontzertu sorta eskaini du dagoeneko azkoitiarrak Epilogo bat hau aurkezteko. Azken garaietan bezala, Platerueneko kontzertuan Mikel Abrego, Mariano Hurtado, Xabier Olazabal Drake eta Ander Mujika izango ditu alboan Anari Alberdik.
Anarigaz batera, Libe arituko da Platerueneko oholtza gainean. Libe Garcia de Cortazarren proiektua da Libe. Ibilbide luzeko musikaria da bera; izan ere, aurretik, Izaki Gardenak eta Neubat taldeetan aritutakoa da.
Ilargia erori da Tolosako Bonberenea estudioan grabatu zuen taldeak 2017ko udan; grabaketan, Garcia de Cortazarrez gain, Txus Villalabeitiak (gitarra), Dani Arrizabalagak (bateria) eta Karlos Osinagak (baxua) hartu zuten parte.