Egun bakoitzean gai bat jorratuko dute, zinean aditua den lagun baten eta zine forumerako planteatzen den gaian aditua den beste baten eskutik. Pelikulen luzera dela-eta, aurretik pelikula ikusteko gomendioa egin dute Plateruenetik. Hala ere, pelikulen eszena esanguratsuenak laburtuko dituen bideoa erakutsiko dute saioan. Horrez gainera, QR kodeak erantsi dituzte ekimeneko karteletan, pelikulak sarean ikusi ahal izateko.
Eguaztenean, lehenbizikoa
Zikloa eguaztenean hasiko da Emir Kusturika zinegilearen Underground pelikulagaz (1995). Bertan, Asier Blasek eta Josu Martinezek hartuko dute parte hizlari moduan. Blas EHUko Politika eta Administrazio Zientzien Saileko irakaslea da. Martinez, ostera, EHUko ikerlaria da, zinegilea izateaz gainera. Geopolitikak estatu berrien sorreran duen garrantziari buruz solastuko dira. Kusturica egile serbiarraren pelikula hau Cannes Zinemaldian estreinatu zen, 1995ean, eta Urrezko Palma irabazi zuen bertan. Bigarren Mundu Gerran, Belgradon, kokatzen da istorioa. Marko Dren (Miki Manojlovic) poetak Petar Popara (Lazar Ristovski) eta honen familia soto batean ezkutatuko ditu, naziengandik ihesi dabiltza-eta. Gerra amaitu ostean ere, bertan mantenduko ditu Drenek, gerrak jarraitzen duelakoan. Hogei urtez horrela eduki ostean, Poparak gordelekutik irtetea lortuko du, eta errealitatea bestelakoa dela topatuko du. Serbiar eta bosniarren arteko gudak eztanda egin du. “Kusturicak Jugoslaviaren XX.mendeko historia kritikoa marrazteko erabiltzen dituen metafora eta sinbolo bisual argigarriak hartuko ditut hizpide”, azaldu du Martinezek. Blas, ostera, askapen prozesuetan kanpoko esku-hartzeek duten garrantziaz jardungo da. “Euskal Herrian ohitura dugu estaturik gabeko herrialdeen aldarrikapen guztiak gure iragazkietatik pasatu eta gure eskema mentaletatik irakurtzeko. Errealitatea, ordea, konplexuagoa da. Jugoslaviako adibidea baliatuz, munduko potentzien esku-hartzeek duten garrantzia azaltzen saiatuko naiz”, azaldu du irakasleak.
Hiru saio
Beste bi saioetako gonbidatuak ez dira atzean geratzen. Martxoaren 7ko saioa krisi ekonomikoaren testuinguruan ongizate estatuaren hustuketari buruzkoa izango da. Helena Franco EHUko irakaslea eta Xabier Landabidea Deustuko Unibertsitateko irakaslea jardungo dira Ken Loachen Yo Daniel Blake (2016) pelikulari buruz. La Batalla de Argel (Gillo Pontecorvo, 1965) pelikula aukeratu dute Iratxe Fresneda eta Mario Zubiaga EHUko irakasleek martxoaren 14ko saiorako. Herrien askapena, atzo eta gaur deitzen da beraien saioa. Saio guztiak 19:30ean hasiko dira.