“Zoritxarrez, Ronaldok egindako orrazkera guztien arrastoari jarraitu behar diogu; izugarria da!”

Anboto 2018ko ots. 25a, 12:00

Ile-apaintzaile familian, hirugarren belaunaldikoa da Jesus Ignacio Gomez. Ile-apaindegi familiarra da berea, hala sentitzen dut berak, eta sarreran dituen CDak musikazale amorratuaren etxean gauden arrastoa dira. Aititak ile-apaindegia zuen Galizian, eta aitak ere urteak eman zituen ofizioan. Aramotzen zabaldu zuen ile-apaindegia.

Tradizio handiko ile-apaindegia duzu.
Bai, baditu 60 bat urte! Urte hauetan guztietan leku berean zabalik mantentzen den Durangoko ile-apaindegirik zaharrena izango da. Ia jaiotzen ikusi nauten bezeroak ditut. Harrigarria! Pribilegiatua naiz, gustuko dudana egiten dudalako; urteetako bezero oso fidelak ditut. Ile-apaindegian jaio eta hazi naiz.

Aitak erakutsi zizun ofizioa?
Ofizioaren oinarria beragaz ikasi nuen, bai, 18 urtegaz. Denbora bat egin nuen beragaz ikasten, lehengo erreminta haiekin, ilea mozteko eskuko makinekin, bizarra mozteko labanagaz, zortzi hazbeteko artazi handiekin... Gero, soldaduskan asko praktikatu nuen; ile-apaintzaile jardun nuen eta, ile asko moztea tokatu zitzaidan.  Etxean erabiltzen ez genituen erreminta elektrikoekin abilezia hartu nuen. Itzultzean,  ile-apainketa ikastaroak egin nituen.

Asko aldatu da ile-apainketa?
Eboluzio handia egon da. Dibertigarriagoa da orain ile-apainketa. Lehen oso antzekoa zen dena; oso oinarrizkoa, klasikoa. Hiruzpalau ziren ausartzen zirenak. Orain gaztetxoek eskatutako ile-mozteak duela 25 urte eginez gero, salatu egingo nindukete. Ausartak dira!

Famatuen orrazkerak eskatzen dituzte gaztetxoek?
Hala da, bai. Zoritxarrez, Ronaldok egindako orrazkera guztien arrastoari jarraitu behar diogu; izugarria da! Lehen argazki bategaz zetozen, orain mugikorragaz modelo edo futbolari baten orrazkera eskatuz.

Eskatu dizuten gauzarik arraroena?
Eskariak asko dira: marrazkiak, ilea hiru-lau geruzatan moztea, alde batera okerturiko gandorra... Baina, dena asmatuta dago gizonen jatorrizko ile-apainketan: duela 25 urte egiten nituen marra eta marrazki txikiak senide eta lagunekin probatzen nituen. “Degradatuak” aitarenean ikusi ditut, tupeagaz.

Gehiago zaintzen dute itxura orain?
Belaunaldi berriari apain agertzea gustatzen zaio, zorionez. Baina emakumea beti izan da gehiago apaintzekoa; gizonek errazera jo izan  dute, praktikotasunera.

Bizarra ere mozten duzu?
Konpondu egiten dut, moztu ez. Bizarra ondo eramateko, garbitasuna behar da, eta norberaren fisionomiari edo egiturari ondo datorkion forma ematea. Baina, kosmetologia itzela da. Hipsterrekin modan jarri da, eta negozioa egin gura da.

Musikazale amorratua zara.
Oso melomanoa! Reggaetona eta DJen musika elektronikoa ez beste guztia gustatzen zait: jazza, bluesa, rocka, new agea, folka, zelta... Anaia nagusia ere oso zalea da eta Tangerine Dream, Pink Floyd, Camel... entzun ditut  txikitatik. Egunero 12-13 orduz entzuten dut musika, batez beste.

Disko bat?
New Age of Earth (Ash Ra Tempel)  edo Moondawn (Klaus Chucle). 70eko musika elektroniko atmosferikoa entzuteko grina dut, alemaniarrena. Baina Led Zeppelin ere bai.

Ile-apaindegian CDak dituzu salgai.
Trukearen zaletu amorratua naiz, hori sustatu gura dut. Baina trukatu gura ez dutenei edo zegaz trukatu ez dutenei merke saltzen dizkiet. Soberan ditudanak dira.

Bilduma handia duzu?
Zenbatzen hasi nintzen behin, baina utzi egin nion 1.500era iristean. Kasetak eta diskoak ere baditut, baina CD zalea naiz, musika oso limurtzailea, suabea, delako. Baina gustukoa baino ez dut gordetzen. Maite dut musika entzutea.

Jostailu piloa duzu ile-apaindegian.
Gela bat beteta. Semea hazita, etortzen ziren umeei oparia emateko aukera ikusi nuen, eta lau erosketa-orga bete nituen. Gero, haien gurasoek ekarri egin dizkidate.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!