Duela aste bi sartu ziren azkenekoz lapurrak, hilabetean bigarrenez. “Lau bat bider gutxienez sartu dira hiru urtean”, gogoratu du Iriondok. Bizikletak, eskiak, ordenagailuak... gauza ugari eraman izan dituzte lapurrek. Urtarrilean auto bat ere bai, gerora A-8an Zornotza parean abandonatuta agertu zena, lapurrek istripua eduki eta gero. “05:30-06:00 artean lanera joaten den jendea beldurtuta bajatzen da garajera, lapurretak beti izan baitira ordutegi berdinean”, kontatu du Iriondok.
Puntu beltza
Berez, euren alboko partzelan beste promozio bat garatu behar zen. Baina, proiektu horren berririk ez dago; Iriondori eta Uriberi esan dietenez, enpresak kiebra jo du. Ondorioz, urbanizatu bako lursail handi bat dute etxe alboan, eta euren etxeak San Rokeko gainontzekoetatik aparte uzten ditu horrek. Segurtasun ikuspegitik ez da onena. “Gure etxe inguruko aparkalekuaren segurtasunaz ere asko kexatu gara, puntu beltza da eta”, esan du Uribek. Emakumeen ikuspegitik arriskutsu izan daitezkeen guneen mapa eguneratu zuen iaz udalak, eta ingurune hori identifikatuetako bat izan zen. Bizilagunek euren etxeetaraino joateko bide argitsuago bat egitea eskatuta dute udaletxean.
Lursailaren zaintza faltak ere arazoak ekarri izan dizkie. Esaterako, suge bat agertu zen etxe batean. Aipagarria da, gainera, atari batzuek belarretara ematen dutela; eskerrak bi sarrera dituzten, eta bizilagunak bestetik irten daitezkeela. “Udalak bizigarritasun baimena ematen duenean, urbanizatuta egon behar da, eta gurea ez dago amaituta”, salatu du Uribek.
Kale eta aire garbiago bila
Bestalde, euren kaleak astean birritan soilik garbitzen direla kritikatu dute, eta herriko beste eremu batzuekin berdintzea eskatu dute. Ezin ahaztu ere, eurak direla Fumbarri fundiziotik gertuen daudenak –gai kutsakorrak isuri dituela egiaztatu du Jaurlaritzak–. Neurgailua ipini zenetik, zarata eta usain gutxiago dagoela uste dute Uribek eta Iriondok, baina “bete beharreko arauak bete ditzatela” gura dute.
Ahazturatik irtetea gura dute soilik. Arazoei irtenbidea emateko lanean, kazetariagaz solasaldia amaitu eta igogailuan giltza ipintzera doaz.