“Munduko toki asko ezagutu ditugu triatloiari esker”

Joseba Derteano 2018ko ots. 23a, 09:20
Argazkiak: Lehior Elorriaga

Brasil, Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak, Hawaii… munduko hamaika toki ezagutu dituzte triatloiari esker. Txelaren abentura non, bere familia ere han. Elkarregaz esperientzia berriak bizitzeko aitzakia moduan hartu dute kirola.

Umetatik bizi izan duten mundua denez, ez da harritzekoa gaur egun seme-alabak Mugarra Triatloi Taldean ibiltzea. Annek, 12 urtegaz, gozatzea du helburu. Paul, aldiz, 17 urtegaz, lehian murgilduago dago. Duatloietako sprint modalitatean Euskadiko azpitxapeldun geratu berri da. Aita ez zaio atzean geratu: beteranoen Euskadiko txapelketa irabazi du.

Txela, espero zenuen txapeldun geratzea?
Serafin Bereziartua: Nire errendimenduagaz dudak nituen. Iaz Paulegaz mendiko bizikletan nenbilela erori eta lesionatu egin nintzen. Bueltatu nintzenean triatloiak lehiatu nituen, baina urte bi neramatzan duatloirik egin barik. Giharrentzat oso gogorra izaten da. Baina txapelketan oso gustura ikusi nuen nire burua: bizikletan indartsu eta korrika erritmo onean.

Paul, eta zuk zer deritzozu aitaren lorpenari?
Paul Bereziartua: Bikain. Izena emateko asmoa zuela esan zidan, eta parte hartzen bazuen ezingo ninduela neure lasterketan animatu. Ez zidala ardura erantzun nion, eta lasai parte hartzeko. Asko pozten naiz aitak irabazi izanagaz.

Juniorretan txapeldunorde geratu zinen. Pozik emaitzagaz?
P. B.: Bai, oso pozik. Lasterketa ona egin nuen. Neure maila eman nuen eta ezin dut gehiago eskatu. Kontua da irabazlea oso ondo ibili zela.

Anne, noiztik zabiltza MugarraTTn?
Anne Bereziartua: Zazpi urtegaz hasi nintzen. Aita eta neba ikusten nituen, eta probatzea erabaki nuen. Gustatu zitzaidan eta bost urte daramatzat. Astean hiru egunetan entrenatzen naiz.

Duatloiak egiten dituzu?
A. B.: Bai. Ondo moldatzen naiz bizikletan eta korrika, baina gehiago gustatzen zait bizikleta. Errazago moldatzen naizela uste dut.

Asteburuetan familian lasterketak ikustera joaten zarete?
A. B.: Bai, sarritan Paulegaz joaten naiz.
S. B.: Asteburu honetan Gijonera joango gara denok, Paulek Espainiako taldekako kros txapelketan parte hartuko duelako. Mertxe [emaztea], Anne eta hirurok Paul animatzera joango gara.

Zer esperantzagaz zoaz, Paul?
P. B.: Triatleta batentzat erronka gaitza da, han denak korrika egiten direlako espezialistak. Durangaldea Running taldeagaz arituko naiz.
S. B.: Entrenamendu onak izaten dira. Neguan krosak egitea oso ondo dator sasoia hartzeko.
P. B.: Maila handia egoten da. Ondo ibili gaitezke, baina aurre-aurrean ibiliko garenik ez dut uste.

Zuentzat mundu hau familian elkarregaz egoteko modu bat ere bada?
S. B.: Bai. Joan naizen tokira joan naizela, Ameriketara zein Europara, triatloiak familiako planak egiteko erabili ditut. Behin izan ezik, nazioarteko gainerako lasterketa denetara familiagaz joan naiz. Opor moduan aprobetxatu ditugu. Guretzat triatloiak lehia baino gehiago dira. Munduko toki asko ezagutu ditugu triatloiari esker.

Paul, aitaren antzera Iron Manak egitea etorkizuneko helburu moduan duzu?
P. B.: Ikusiko dut. Distantzia luzeak gustatzen zaizkit, baina oraindino ez da horretarako sasoia. Beharbada, hemendik urte batzuetara.
S. B.: Ni horrelako triatloiak egiten ikusi nauelako gustatzen zaizkio distantzia luzeak. Gaur egun 20 bat urteko gazte asko hasten da Iron Manak egiten eta, nire ustez, erabaki okerra da. Gazteentzat prozesu natural baten ondorioa izan behar du distantzia luzeetara heltzea.

Zu gehiago izan zara proba luzeetakoa. Paul sprintetan aritzeak eraman zaitu orain laburretara?
S. B.: Bai, horrela izan da. Paul lehiatzen hasi zenean, laburragoetara itzuli nintzen, eta ikaragarri gozatzen nabil. Sentsazio desberdinak dira. Sprintetan hasieratik topera joan beharra dago. Iaz sei-zazpi egin nituen, eta aurten oraindino besteren bat egiteko asmoa  dut.

Mexiko, Ameriketako Estatu Batuak,Brasil, Hawaii… Iron Man eta abentura horiek historiara pasatu dira zuretzat?
S. B.: Oraindik ez dut ate hori itxi, baina Paul nagusiago egin arte bere alboan laguntzen egotea da nire asmoa. 23 urtez azpiko mailara igarotzen denean beharbada… Kontua da Iron Manak prestatzeko asko entrenatu eta gutxi lehiatu behar dela, eta orain gurago dut lehiatu semeagaz egoteko. Baina, tira, aurten Iron Man erdi distantziako hiru proba egiteko asmoa dut.

Urteak egiten joan ahala, ateak ixtea kostatu egiten da?
S. B.: Entrenamenduetan gozatzea da gakoa. Entrenamendua lasterketa bat prestatzeko obligazio hutsa bihurtzen bada… oker gabiltza. Entrenatzeko gogoa eta ilusioa dudan bitartean, motibazioari eutsiko diot.

Duatloiak ala triatloiak, zein duzue gurago?
S.B./P.B.: Triatloiak askoz gurago.

Kostaldeko triatloilariek abantaila dute igerian?
S. B.: Lehenago, bai, gaur egun… Orain 15 urte Mugarran hasi ginenean, oso eskasak ginen igerian. Baina gaur egun gazteak asko entrenatzen dira. Paul astean lau egun ibiltzen da igerian.

Txela, gaztetan errugbian ibili zinen. Orduan korrika egitea hil ala biziko kontua zen?
S. B.: Benetan be! Oso gogorra iruditu zitzaidan. Hori bai kirol gogorra! Rugby Tabernan lan egin eta DRTgaz entrenatzen nintzen. 30 bat urte izango nituen. Federatu, eta pare bat partidu jokatu nituen. Hegalean jokatu nuen, korrika egiten den tokian, baina ez zen niretzat egindako kirola. Niri eurekin entrenatzea gustatzen zitzaidan.

Noiz konturatun zinen semea zu baino gehiago zebilela triatloian?
S. B.: Kadeteetako lehenengo lasterketetan. Gogoan dut Bermeoko triatloian ikusi ere ez nuela egin lasterketa osoan. Orduan konturatu nintzen. Gaur egun, nire ardura nagusia da Paul erorita ez ikustea. Pentsamendu horixe izaten dut buruan sarritan. Kezka puntu hori ezin izaten dut kendu. Euskadiko txapelketan nik bizikletako lana amaitu eta  Paulena eskegita zegoela ikusi nuenean lasaitu egin nintzen. “Heldu da”, pentsatu nuen.

Paul eta Anne, aitak aholku asko ematen dizkizue?
P. B.: Aitaren aholku denak entzunda ditut. Orain desberdina da. Bion artean erabakitzen dugu lasterketa bati aurre zelan egin. Ez da berak esan eta nik entzun bakarrik. Bion artean pentsatzen dugu estrategia.
A. B.: Ni lasterketa hasieretan urduri jartzen naiz batzuetan, eta aholkuak ondo etortzen zaizkit lasaitzeko.
S. B.: Izaera aldetik oso desberdinak dira. Annek gozatzeko egiten du eta Paul lehiakorragoa da.

Paul, sen hori txiki-txikitatik datorkizula esan didate. Goienkaleko kaleak atletismo pista izan ohi zirela zuretzat.
P. B.: Lau-bost urte izango nituen orduan. Aitaren lagunek esan izan didate, baina ni neu ez naiz askorik akordatzen…
S. B.: Nik gogoratzen dut. Gure Kabiya taberna izan genuenean, hantxe ibiltzen zen Paul Alde Zaharrean bueltaka bizikleta txiki bategaz eta guri denborak kronometratzeko eskatzen. Abiadura bizian.

Nazioarteko lasterketetara joaten zinenean ere nabaritzen zitzaizun afizio hori.
P. B.: Bai, zortzi bat urte izango nituen orduan. Hori hobeto gogoratzen dut. Zurichen (Suitza) Mugarra taldeko Gaizka Uriarteren bizikleta hartuta bueltaka…
S. B.: Bizikleta handi geratzen zitzaion, baina ibili egin behar!
P. B.: Bizipen politak bizi izan nituen Zurichen. Oso gomuta onak ditut eta gustatuko litzaidake horrelakoren bat errepikatzea.

Paul, honako egun hau hobeto gogoratuko duzu. Orain urte bi Espainiako triatloi kros txapelketan zapatila bakarragaz egin zenituen bizikletako 11 kilometroak. Zelan moldatu zinen?
P. B.: Trantsizioan galdu nuen. Ez dakit zelan gertatu zen, egia esanda. Konturatu orduko hanka bat pedalean jarrita nuenez, aurrera egitea erabaki nuen. Mingarria zen arren, aurrera.
S. B.: Gainera, aurrean zihoan, Espainiako onenekin. “Ezingo dio euren erritmoari eutsi, inondik inora”, esan nion neure buruari. Bueltan, bizikletatik onenen artean jaisten ikusi nuenean ezin nuen sinetsi.
P. B.: Motibazioagatik izan zela uste dut. Horregatik izan nintzen eusteko kapaz. Tira, 11 kilometro izan ziren, ez zen hainbeste ere.
S. B.: Meritu handia du, benetan. Gero korrika jarraitu zuen, eta bederatzigarren tokian helmugaratu zen. Itzela.

Paul, arantza txiki hori iaz atera zenuen, Espainiako triatloi kros txapelketa irabazita.
P. B.: Egun pozgarria! Euskal Herriko lasterketarik gehienak errepideko bizikletagaz izaten dira, eta han mendiko bizikletagaz aritu ginen. Aukera gehiago ikusten nizkion neure buruari.
S. B.: Normalean, Espainian igerilari eta korrikalari oso onak daude, baina bizikletan ez dira hain indartsuak. Nahiko lasterketa lauak izaten direlako. Euskadin kadeteetatik ibilbide gorabeheratsuak izaten dituzte, eta ohituago daude.

Txela, iaz zeuk ere izan zenuen zer ospatu. Paulek baino hilabete lehenago Espainiako distantzia erdiko triatloian azpitxapeldun geratu zinen beteranoetan.
S. B.: Lesiotik bueltan, gimnasioan ibilita, bai, baina kalean entrenatu barik nengoen. Prestakuntza horregaz ez nuen espero hain ondo ibiliko nintzenik. Beteranoetan maila handia egoten da.

Ardo onaren moduan, urteen joanak mesede egiten dizu?
S. B.: Hori ematen du, bai. Aurten ere joango naiz. Guadalajaran izango da, maiatzean. Baina, badiotsut, nire helburua gozatzea da. Ondo irteten dela? Bikain. Ez dela espero moduan irteten? Ez da ezer gertatzen. Ez gara horretatik bizi. Gozatzen nabilen bitartean, aurrera!

Inoiz joan zarete familian oporretan bizikletarik barik?
S. B.: Mendikoa edo errepidekoa uste dut beti eraman dugula. Ez entrenatzeko. Afizioa dugu, eta inguruak ezagutzeko. Gure autokarabanan sekula ez da bizikletarik falta.

Txela, aurten 14 urte bete ditu Mugarra Triatloi taldeak. Zu sorreran izan zinen. Zure haurra da hori ere.
S. B.: Ba, bai. Egia esanda, nire seme edo alaba baten modukoa da. Hiru-lau lagunen artean sortu genuen. Nik orduan urtebete inguru neraman triatloiak egiten. Mugarra sortu eta handik hiru bat urtera triatloi eskola abiatu genuen. Hori ere beste seme edo alaba bat da. Niretzat oso berezia da triatloi eskola. Orduan ereindakoa jasotzen ari gara. Eskola sortzean bete-betean asmatu genuen.

Zeintzuk dira Mugarra Triatloi Taldearen etorkizunera begirako erronkak?
S. B.: Nagusietan jende gehiagok lehiatzea gustatuko litzaiguke. 30-40 urteko adin tartean ez dugu jende askorik, baina gazteak lanean ikusteak etorkizunari esperantzagaz aurre egiteko modua eskaintzen digu.

Iaz Durangoko duatloian Mugarrako 11 kadetek parte hartu zuten. Talde bereko hainbeste gazte ikustea duatloi batean ezohikoa da.
S. B.: Horrela da. Eta joan zen asteburuan, Sopelan, Mugarrako 12 izan ginen. Neu izan nintzen nagusi bakarra. Lasterketara joan eta nire semeagaz zein beste gazteekin beroketa ariketak egitea, gure gazteez inguratuta aritzea altxorra da. Gozatu egiten dut. Beste taldeek esaten digute zortea dugula. Azken hamarkadan egindako lanaren ondorioa da. Batzuek jarraituko dute eta beste batzuek ez, baina hor dauden bitartean eta kirola egiten duten bitartean, gu pozik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!