Eskualdeko taldeak milaka zaleren aurrean ariko dira 40 Minutu Rock jaialdian

Aritz Maldonado 2018ko ots. 22a, 18:30

Sarrera guztiak aurresalmentan salduta, musikazalez lepo beteko da Landako Gunea, etzi. 40 Minutu Rock elkartasun jaialdiaren laugarren edizioa izango da zapatuan.

Egun osoko eskaintza musikala egongo da hamabost artistaren eskutik. Besteak beste, Sermond´s elorriarrak arituko dira oholtza nagusian, beraien stoner doinu pisutsuekin. Ibilbide luzea du taldeak; halere, zale berriengana heltzeko erakusleiho bikaina izango da Landakokoa.

Karpa txikian Durangaldeko doinuak izango dira nagusi egunaren zati handi batean. DJ Alus abadiñarra 14:00etan hasiko da musika jartzen, eta 20:00ak arte arituko da jaia girotzen. Giroa puri-purian dela taularatuko dira Gora Etorriko lagunak, beraien bakalaoagaz bertaratutakoak dantzan jartzeko asmoz.

Askotariko doinuak
Durangaldeko ordezkariez gainera, Landakoko oholtzetan momentuko euskal talde garrantzitsuenetako batzuk batuko dira. 2017an Plateruenan “Sarrerak agortuta” eskegi zuten Glaukoma eta Gatibu (hauek, bi gau jarraian) bertan egongo dira beraien ibilbideko abestirik entzutetsuenak jotzen. Eguneko beste kontzertu garrantzitsuetako bat Des-kontrol arrasatearren itzulera da. Su Ta Gar beteranoak ere bertan egongo dira, eta ostean, Revolta Permanentek eta Estricallak ere doinu gogorren zaleak asetuko dituzte.

Dantzarako tartea ere egongo da Landako Gunean. Tximeleta taldeak emango dio hasiera jaialdiari, 10:45ean. Tremenda Jauria, Zopilotes Txirriaos eta Las Tea Party taldeek ere estilo ezberdinetako dantza-doinuak joko dituzte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!