Akaso norbaitek esango du zertara datorren euskara eta feminismoa lotzeko ideia hori...
Loreak eta biok, alde batetik, bizipenetik lotzen ditugu arlo biak. Oso gaztetatik, gure bizi jarduna euskalgintzari lotuta egin dugu, eta gure beste ardatzetako bat feminismoaren ingurukoa izan da. Halako batean, bien uztardura etorri zitzaigun. Mari Luz Estebani entzun genion lehendabizi, eta jakin genuen Galizian ere bazebiltzala lotura edo lanketa horretan. Menderakuntzak eraman gintuen arlo bietan lan egitera, eta konturatu ginen elkar elikatu zezaketela. Bestalde, feminismoak eraldaketa edo berrikuspen bat eskatzen du esparru sozialean, ekonomikoan, politikoan eta kulturalean. Hizkuntzen bizikidetzan eta gatazkan ere badago hori.
Beraz, zapalkuntza da arlo biek amankomunean duten oinarri bat.
Nik oso umetan sentitu nuen neska nintzela, eta izate horregatik bazter batera eraman nindutela. Gure gelako mutilek erabaki zuten jolas nagusia futbola izango zela, jolaslekuan lekurik handiena hartuko zuela eta neskok ez genekiela futbolean. Bestalde, nerabezarora heltzean, euskaraz aritzea “inpopularra” bihurtu zen. Besteen onarpena izateko, autobuseko atzeko ilaretan joateko, gaztelaniaz aritu behar nuen. Gauza oso txikiak dira, baina, seguruenik, denok ditugu horrelako esperientziak. Bigarren mailako bihurtzen gaituzte.
Feminismotik hedatutako pentsaera bat da alde pertsonala politikoa ere badela.
Feminismoaren ekarpen interesgarrienetako bat dela uste dut. Egunerokotasuneko gauza domestiko eta intimo guztiak ere politikoak direla esaten dugu. Norberaren baitako hori ulertzea inportantea da edozein jendarte eraldaketan. Seguraski, pasa den mendeko utopia handiek huts egin badute izan da dimentsio indibidual hori ez delako kontuan hartu. Noski, dimentsio horren arrisku bat ere bada soilik horretara mugatzea, dimentsio kolektiboa kentzea. Gaur egun, amatasuna esaten zaion hori baino gauza politikoagorik ez dago, terminotik hasita. Izan ere, inoiz baino baldintza gehiago dauzkagu gurasotasuna esateko; baditugu haurrak amarik ez dutenak. Baina, aparte, hedabideetan ere amatasunaren gaia agertzean, nekez agertuko da politika atalean. Normalean orrialde arinetan agertzen da, bizimodua hobetzearen ikuspegi psikologikotik eta oso indibidualizatuta.
Euskararen arloan, norbere borroka esparru moduan ulertzeko jarrera ahuldu dela esango nuke. Mindu egiten naiz artista batek erdararen batean sortzen duenean.
Hizkuntza auziagaz daukagun jarreran lausotze bat gertatu dela uste dut, nagusitu diren diskurtsoek daukaguna baino errealitate gozoagoa marrazten digutela. Egia da aurrerapen handiak eman direla, baina zapalkuntza sakona eta luzea da. Feminismoagaz ere gertatzen da hori; nire ustez, faltsua den berdintasun bat dago instalatuta. Ez dira ageriko zapalkuntza mekanismorik indartsuenak bortxaz erabiltzen direnak, baizik eta mehatxua bezalako mekanismo sutilak. Euskara prestigio sozialik gabeko hizkuntza izan da mende askotan zehar; oraindik galdetzen zaigu ea mediku ona ala euskalduna gura dugun. Kultur produkzioari dagokionez, sortzaile bakoitzak askatasuna du hautuak egiteko. Baina fenomeno sozial moduan, zapalkuntzaren ondoriozko konplexu zantzuak ikusten ditut. Hizkuntza hegemonikoei ere gertatzen zaie; estatu frantziarra kezkatuta dago ingelesa frantsesari egiten ari zaion itzalagatik.