Durangoko 47 udaltzainen artean kasik 10.000 interbentzio egin zituzten 2017an

Anboto 2018ko ots. 20a, 18:34
Urrian udaltzain batzuei eraso egin zien pertsona batek.

Udaltzaingoak iazko jardueraren balantzea egin du, eta prentsara bidali du udalak. 10.000 jardueren artean denerik dago: auzokideen 783 kexa, 563 laguntza ekintza pertsonekin, 116 zirkulazio atestatu, 39 atestatu drogak edukitzeagatik... 14 interbentzio izan dira indarkeria matxistagaz lotutakoak.  

Udaltzaingoak era positiboan baloratu ditu datuak eta "kalitatezko zerbitzuak bermatzen jarraitzeko eta Durango udalerri lasai eta seguru bat izaten jarraitzeko urratsak ematen" jarraituko duela adierazi du. Interbentzioez aparte, zenbait ikastaro ere egin dituzte formazio lez. Esaterako, suhiltzaileekin koordinazioa lantzen ibili dira. Gainera, bide zirkulazioan hobekuntzak eman asmoz, kanpaina bereziak egin dituzte gazteekin eta nagusiekin. 

Aitziber Irigoras alkateak udaltzainen lanaren zailtasuna nabarmendu du. "Durangoko herritarrekiko konpromisoa eta profesionaltasuna agerian jartzen duten datuak dira".

47 udaltzainek osatzen dute taldea, eta horietatik 6 soilik dira emakumeak. Batezbesteko adina, ostera, 44 urtekoa da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!