“Badatoz gazteak, baina sasoi batean gehiago agertzen ziren krosean”

Joseba Derteano 2018ko ots. 19a, 15:30

Berba errazekoa eta solasaldirako atsegina da Ibon San Miguel (Lekeitio,1987). Ingeniari industriala ogibidez, korrika egitea du zaletasunik gustukoena. Berak eta bere taldekideek Durango Kirol Taldea Euskadiko erreferente bihurtu dute krosean. Gizonetan denek garaitu gura izaten duten taldea bihurtu dira. Urte bitan segidan Euskadiko txapelketa taldeka irabazi ostean, joan zen asteburuan hirugarren amaitu zuten. Podiumak ez ditu asebete.

Pozik zaudete taldeko emaitzagaz? Eta zu, gustura geratu zinen zure errendimenduagaz?
Tira, nire postuagaz pozik nago, ez delako erraza aurreko postuetan amaitzea [15. sailkatu zen], baina ez  ninduen erabat konforme utzi. Beti gura duzu gehiago. Horretarako entrenatzen gara. Lortutakoagaz konformatzen bazara, ez zara gehiagora helduko. Begira, bakarka badakit ezin dudala Euskadiko hiru onenen artean amaitu, eta taldekako sailkapenetan ahalik eta ondoen geratzea da nire helburua. Eta ahalik eta ondoen geratzea txapeldun izatea da guretzat. Irabaztea zen gure helburua. Hirugarren amaitzea asko da, baina ezin gara konformatu. Aurtengoa abisu moduan hartu behar dugu; Gure buruari “kontuz, aurkariak ere indartsu dabiltza eta”, esateko. Ez da erraza guk erakutsi izan dugun mailari eustea, eta aurten konturatu gara.

Bizkaiko eta Euskadiko kros laburreko txapeldunak zarete. Garaipen biak taldeka lortu dituzue. Taldea helburu indibidualen gainetik jartzen duzue?
Ahalegin bat, sakrifizio bat, zeuretzat bakarrik egiten duzunean, lortutako emaitza ere zeuretzat da bakarrik. Taldeko emaitza denean, aldiz, beste poztasun bat dago. Denak daude pozik, ez bat bakarrik. Berdin da lehenengo edo bosgarren amaitu duzun. Lorpen horretako parte zara. Lortutakoa zeure ekarpenari esker ere bada.

Talde batek taldeburu bat behar izaten du. Oier Ariznabarreta da zuena?
Dudarik barik. Bera da taldetik tiratzen duena eta beti animoak ematen dagoena. Umore ona jartzen du eta edozertarako prest dago beti. Gainera, aurrean ibiltzen da beti.Berdin da krosa bada, asfaltoa bada, duatloia bada… Makina bat da. Erreferente bat da guretzat.

Hurrengo asteburuan Espainiako kros txapelketan arituko zarete. Zer helburugaz zoazte?
Lasterketa denak serio hartzen ditugu, baina argi dago Espainiako txapelketan ezin dugula jarri helburu moduan aurreneko bosten artean sartzea. Guretzat parte hartzea bera sari bat da. Horregatik, asteburuan ez dugu lasterketa bakarrik izan gura buruan. Hau da, joan, lehiatu eta buelta. Barikuan joan eta hiria bisitatu gura dugu, elkarregaz barre batzuk egin… horretarako ere baliatu gura dugu asteburua. Azken batean, ez gara horretatik bizi, eta gozatzeko egiten dugu. Hori bai, korrika egiteko unea heltzen denean… topera!

Kontatu didatenez, furgonetan egiten dituzuen joan-etorriak dibertigarriak izaten dira.
Denok furgonetan sartuta, bidaia xelebreak izaten dira. Konpainiak egiten du hori. Segun eta nogaz zauden, bidaiak aspergarriak edo dibertigarriak izan daitezke. Gureak jai bat izaten dira. Sarritan txanda eskatu behar izaten dugu berba egiteko. Asteburuko unerik onenetakoa izaten da.

Horrelako uneek garaipenek besteko balioa dute?
Bai. Nire kuadrilla Lekeitiokoa da, baina Durangon horrelako lagunik ez banu, seguruenik ez nintzen hemen biziko. Hartu-eman oso ona dugu. Asteburuetan elkartzen gara, baita taldean ez dauden beste atleta batzuekin ere. Parranda batzuk ere egin ditugu. Atleten arteko hartu-emana baino gehiago da, lagunak gara.  

Zuen taldean, nor da denetatik umoretsuena?
Ni nahiko saltseroa naiz. Umorerik barik tristeegi ikusten dut bizitza. Oier ere saltseroa da, Javier Fontaneda ere bai…

Nor da mahai gainean kolpe bat eman behar denean ematen duena?
Oier bera… eta baita Ekaitz [Kortazar] ere. Burua zentratuta du, gauzak ondo aztertzeko eta hausnartzeko ahalmena du.

Oraindik adin ona duzue, baina denbora konturatu barik joaten da. Erreleborik ikusten duzue?
Gure artean askotan komentatu dugun gaia da. Bizkaiko txapelketetan aurrean ibiltzen hasi ginen urteak gogoratzen ditugu. Normalean, 23 urtegaz egurra ematen egon behar duzu. Eta, normalean, 30 urtetik gorakoek konturatzen hasi behar lukete gazteak ate-joka eta errelebo eske datozela. Baina ez dugu horrelakorik ikusten krosean. Urteak joan arren, aurrean eta maila onean jarraitzen dugula ikusten dugu. Maila handiko gazte batzuk badaude, Txomin Marañon kasu, baina ez dira hainbeste ere. Gutako batzuk beteranoen mailakoen adina izango dugu datorren urtean, eta zelan da posible aurrean egotea? Badatoz gazteak, baina sasoi batean gehiago agertzen ziren krosean.

Kros denboraldia amaitzear dago. Zer asmo duzu osterako?
Lehen dena planifikatzen nuen, baina, orain, hiru-lau urtetik hona, unean-unean erabakitzen dut non parte hartu. Aste biren barruan dauden lasterketei begiratzen diet, ez haratago. Gustuko karrerak egiten eta gozatzen saiatzen naiz: Iaz Zegama-Aizkorri ere egin nuen.

Zelan animatu zinen Zegama-Aizkorri egitera?
Orain urte bi lagun bategaz lasterketa ikustera joan nintzen. A ze jendetza! Sekula ez dut horrelakorik ikusi mendi lasterketa batean: denak animatzen, berdin da lehenengo edo azkenengo bazoaz. Hunkigarria. Orduan pentsatu nuen parte hartzen saiatu behar nuela. Gogoan dut denok furgonetan gindoazen batean irten zela parte-hartzaileen zerrenda, eta han nengoen ni. Orduan denak barreka eta adarra jotzen hasi ziren. Nik, berriz, dardaraka egin nuen bide osoa.

Zelan irten zitzaizun?
Ondo. Lasterketako alderdi biak bizi izan nituen. Lehenengotan, pozik, fresko eta gogotsu, eta, ondoren, sufritzen ere bai. Sancti Spiriturako igoera itzela izan zen. Behetik jendearen oihuak entzuten nituen. Igoera hasi aurretik zegoen hornidura puntuan geratu egin nintzen, indarrak hartzeko eta igoera topera egiteko. Sekula ez dut horrelakorik bizi izan lasterketa batean.

‘Lekitxar’ batek kresal usainaren eta itsasoaren falta sumatzen du Durangon?
Denboraldi bat Lekeitiora joan barik nagoenean hango lagunek esaten didate itsasoko ura oparituko didatela poto batean, kresal usaina hartzeko. Azken batean, han egin dut nire bizitza, eta lotura berezia dut. Nire korrika ibilbideko azken urtea herriko Tximista klubean egin gura nuke. Han jubilatuko naiz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!