“Konposatzen, jotzen eta beharrean; hori da hamarkada ospatzeko modurik onena”

Aritz Maldonado 2018ko ots. 16a, 13:00

Birako gainontzeko kontzertuetan legez, jendez lepo egongo da bihar Plateruena Shinovari harrera egiteko. Egun, Daniel del Vallek, Erlantz Prietok, Ander Cabellok, Joshua Froufrek eta Gabriel de la Rosak osatzen dute Durangaldeko taldea. Azken honegaz egin du berba ANBOTOk.

Bihar Plateruenean agurtuko duzue ‘Volver’ biraren antzokietako zatia. Gogotsu etxera itzultzeko?
Itzultzeko irrikan gaude, hiru urte baitira Durangon azkenekoz jo genuela. Urte hau oso polita eta emankorra izan da, eta aretoetako bira hau Durangon amaitzea baino modu hoberik ez zaigu okurritzen.

Zerbait berezia prestatu duzue kontzertu honetarako?
Eguna bera oso berezia izango da guretzat. Izan ere, etxean, Plateruenean, gure jendearen aurrean aritzea oso berezia da. Ikuskizunaren aldetik, gauza bereziak prestatu ditugu. Ez dut espoilerrik egingo, baina intentsitate handiko kontzertua izango dela aurreratu dezaket.

Joy Eslava [Madril] areto garrantzitsua bete duzue oraintsu. Zein sentsazio gelditu zaizue?  
Oso ondo joan da bira. Beharrezkoa genuen esperientzia bat eman digula uste dut, eta, aldi berean, ikastaldi bat izan da. Joy Eslavako kontzertua ez da ezeren amaiera, baina guretzat opari bat da. Ahaztuko ez dugun egun bat izan zen; ez dugu ahaztuko ez guk ezta Hontzakeko lagunek [Shinovagaz lan egiten duen agentzia] ere. Oraindik ere emozionatu egiten naiz argazkiak ikusterakoan.

Udan jaialdien txanda iritsiko da. Gogotsu? Zer nahiago duzu, aretoan aritu ala festibalean?
‘Volver’ lanagaz jaialdietan egongo gara, bai. Kontzertu batzuk hitzartuta ditugu. Sare sozialetan iragartzen joango gara, gehiago itxi ahala. Uda osoa gora eta behera pasatuko dugu.

Ohiko galdera da aretoena eta jaialdiena; jendeak gurago du bata edo bestea, baina, gure kasuan, bateragarriak direla uste dugu. Are gehiago, osagarriak direla esango nuke. Gure kasuan, aretoetara gu ikustera etorri direnetako askok jaialdietan ezagutu gaituzte. Beste talde batzuk ikustera joan, eta gure kontzertua entzun ostean, lotura edo feedback bat egon da, eta, hortik aurrera, guri jarraitzen hasi dira. Jaialdiak erakusleiho bikainak dira, ostean, aretoetan,
babesa edukitzeko.

Gero, ‘Volver’ diskoaren etapa itxiko duzue.
Jada lanean ari gara Mikel Santosegaz; gure teknikaria izateaz gainera, gure ekoizlea ere bada. Gure asmoa urte amaierarako edo datorren urte hasierarako prest edukitzea da. Abestietako batzuk amaituta daude, eta kontzerturen batean jo izan ditugu.

Urteekin garapen nabarmena izan duzue. Nolakoak izango dira abesti berriak?
Maiz errepikatu digute hori. Beti saiatzen gara egin duguna baino urrutirago joaten. Gustuko dugu esperimentatzea, gauza berriak probatzea. Eta hori da urte honetan ikasi dugun gauzetako bat. Artistikoki ere oso urte intentsoa izan da, grina pizten diguten talde asko ezagutu ditugu, eta elementu berriak erabiltzen ikasi dugu beraiekin; gainera, musika asko entzun dugu. Oso pozik gaude, eta itxura oso ona dute abesti berriek.

Warner diskoetxeagaz kaleratuko duzue hau ere?
Ez digu axola multinazional bat izateak. Gogor egiten dugu lan bertako langile talde bategaz, asko babestu gaituzte, eta litekeena da hurrengo lana ere beraiekin
kaleratzea.

Hirugarren diskoa izango da formazio beragaz. Aldaketa asko egin eta gero, hau izan da behin betikoa?
Taldea nabarmen aldatu da urteotan, kideen joan-etorriagaz. Orain,   jende multzo honegaz, bilatzen genbiltzan egonkortasuna aurkitu dugu. Familia bat gara, egun osoa elkarregaz pasatzen dugulako.
2018an hamarkada beteko du Shinova taldeak. Zerbait berezia pentsatu duzue?
Konposatzen, jotzen eta beharrean jarraituko dugu, hori da hamarkada ospatzeko modurik onena.

‘Volver’-en jarraipena, atsedenerako tarterik barik

Disko berria izango dena esku artean izateko, urte amaierara edo 2019ko urte hasierara arte itxaron beharko dute zaleek. Urtea errepidean kontzertuz kontzertu igaro arren, inspiraziorako tarteak ere eduki dituzte Shinovako kideek, eta disko berrirako abesti batzuk amaituta dituztela aitortu du De la Rosak. “Asko mugitu gara azken urte honetan, eta, badakizu, gorputza mugitzen denean burua mugitzen da”. Bizipenetan oinarritzen da abeslaria hitzak idazterakoan, edota musika konposatzerakoan. “Bizi dituen emozioak transmititzen ditu artista batek. Gure kasuan, gure bizipenak abestien bidez adierazten ditugu”, esan du. Eskainitako kontzertuetan, bidelagun ugari izan du Durangaldeko taldeak, eta horrek ere eragina izan du konposizioak egiterakoan; izan ere, elementu berriak probatzeko lagungarria izan zaie partekatutako esperientzia hori guztia. Horrez gainera, Gabri de la Rosaren ustetan, garrantzitsua da beharrean saiatua izatea. Eta entsegu lokalean lan asko egindakoak dira Shinovako kideak. “Batzuetan behartu egin behar da, baina inspirazioa abisatu barik agertzen da; iristen denean lanean harrapa zaitzala”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!