Silvia Vidalek, 17 egun paretera kateatuta egondakoak, hitzaldia eskainiko du bihar

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 15a, 09:40
Argazkia: www.vidalsilvia.com

Joan den barikuan hasi zen Mendiak Hurbilduz goi-mendiari eskainitako hitzaldi sorta, eta bihar emango diote amaiera ekimenari. 19:00etan, Silvia Vidal katalanak berbaldia eskainiko du Plateruena Kafe Antzokian. Bertan, eskalatzaileak bi hilabetez Alaskan bizitako esperientzia kontatuko du. “Xanaduko bizipenak izango ditut berbagai bihar Durangon”, adierazi du katalanak.

Aurreko udan, Vidalek eskalatzeko bide berri bat ireki zuen Alaskan. Eskalatzaile katalanak 17 egun eman zituen horman, bakarrik, eta irekitako bideari ‘Un pas més’ izena jarri zion. “Esperientzia izugarria izan zen; abentura gogorra eta polita izan zen aldi berean”, adierazi du.

17 egun horman bide berria irekitzen emateaz gain, Silvia Vidalek 36 egun eman zituen hormara materiala eta janaria eramaten. 25 kiloko sei zaku garraitu behar izan zituen eskalatzaileak eta, horretarako, hainbat kilometro egin behar izan zituen. Guztira, 20 joan-etorri egin zituen ur-hegazkinak utzi zuen lekutik pareteraino. “Orotara, 540 kilometro egin nituen. Azken batean, egun guztietarako janaria eta materiala eraman behar izan nuen. Horrenbeste kilo garraiatzea gogorra egin zitzaidan, baina, hala ere, ikaragarria izan zen”, esplikatu du.

Alaskan bakarrik egoteaz gain, telefono eta irrati seinalerik barik egon zen Vidal, bakartuta, eta horri esker anekdota ugari dituela aitortu du.

Bertan izandako bizipenen inguruan hitz egingo du eskalatzaile katalanak bihar; eta horrelako zikloek espedizioetan bizitakoa gogora ekartzeko balio izaten diotela esan du. “Gainera, nire ustez, berbaldi hauek zentzua ematen diote egindakoari eta lortutakoari”, jarraitu du.

Horrez gain, bihar, 19:00etan hasiko den hitzaldian, Durangon dituen lagunak berriro ikustea espero duela esan du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!