“Aurreko autoa neuk bakarrik nuen estatu osoan, eta oraingoaz berdina gertatzen da”

Joseba Derteano 2018ko ots. 10a, 11:00

Erretiratu egingo zutela uste zutenak oker zebiltzan. Bera barne. Renault 5 mitikoa istripu batean txikitu zuenean, bere ibilbidearen azkena heldu zela pentsatu zuen Jose Ignacio Erdoiza ‘Lebeiti’-k (Iurreta, 1956). Adinagatik eta ez zuelako autorik. Baina, bai zera! Errepidearen magiak sorginduta jarraitzen du eta inoiz baino indartsuago bueltatzeko prest dago. Renault Megane Trophy bat eskuratu du oraintsu, estatuan dagoen mota horretako bakarra, modernoa eta indartsua, eta gerra ematen jarraitzeko asmotan da.

Istripua Jaizkibelerako igoeran gertatu zen, iazko irailean. Zuhaitz bat jo zuen. Bera onik irten zen, baina autoa, ez. “Dena bukatu zela pentsatu nuen”, gogoratu du. Orduan ez zekien, bukaera barik, aro berri baten abiapuntua zela. Lehenengo, istripuaren berri jakitean, valentziar batek deitu zion autoa erosteko intentzioz. “Diru on bat lortu nuen”, onartu du. Renault 5a ez baitzen edozein auto: Espainiako eta Euskadiko txapelketak irabaziak zituen jabe banagaz.

Hortxe amaitu zitekeen guztia. Erretiro duin bat izan zitekeen Lebeitiren epilogoa, baina gorputzak beste zerbait eskatzen zion. “60 urtetik gorako beste batzuk hor badabiltza, ni zergatik ez?”, konbentzitu zuen bere burua. Portugalgo autogidari bat 2011ko Renault Megane Trophy bat saltzeko prest zegoela jakin zuen. Birritan joan zen Portugalera tratua ixtera. Horrela, ia erretiratuta egotetik, estatuan beste inork ez zuen auto baten jabe izatera igaro zen. Mundu osoan horrelako 37 baino ez daude. “Sentsazio polita da. Aurreko autoa, Renault 5a, neuk bakarrik nuen estatu osoan eta oraingo berriagaz ere berdina gertatzen da”. Autoagaz eta Renault Gaursaren laguntzagaz errepidera itzultzeko prest dago.

Nokia zaharretik iPhonera
Auto zaharra eta berria mundu desberdin bi dira. Zaldi kopurutik hasita —aurrekoak 300 zituen eta berriak 400 ditu— ez dute batak besteagaz zerikusirik. “Mugikorrekin konparazio bat eginda, aurrekoa Nokia zahar bat bazen, oraingoa iPhone berri bat da”, azaldu du.

Hainbat tokitatik (Kantabria, Asturias…) lehiatzeko deitu diote. “Jendeak ikusi gura duen autoa da”, esan du. Euskadiko Igoeren Txapelketan parte hartuko du aurten. “Ez dut helbururik. Autora moldatu gura dut. Ez da erraza izango denbora onak lortzea. Baina burugogorra naiz eta helduko dira denborak, seguru”, dio pilotu iurretarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!