“Lorpen handiren bategaz amesten jarraitu behar dugu, zaleek ere amestu dezaten”

Joseba Derteano 2018ko ots. 10a, 10:00

Durangoko Kulturala entrenatzen ehun partidura heldu da Igor Nuñez Villanueva (1975, Laudio) eta etorkizunean beste hainbestera heltzea desio du. Berak eta bere lan taldeak Hirugarren Mailako lider daukate Durangoko Kulturala, eta aurten denagatik borroka egiteko asmoa dute.

Ehun partidu. Hain ogibide ezegonkorrean, bada zerbait.
Ilusio handia egiten didan kopurua da. Beti esan dut emozionalki klubari oso lotuta sentitzen naizela. Aurreneko ehun partiduak izatea espero dut eta, gutxienez, beste hainbeste etorri daitezela.

Beheraldi txiki batean zaudete azken partidu biak galduta. Beasainen kontrakoan epailearen erabaki eztabaidagarri bategaz, gainera.
Jokaldi eztabaidagarri bat baino gehiago izan zen partiduan: penalti bat aurka, golean amaitu zen gure jokaldi batean adierazitako jokoz kanpokoa… Hortik haratago, jokoa eta aukerak jarri zituen talde bakarra geu izan ginen, baina zorterik barik. Taldearen portaera bikaina izan zen eta hori da garrantzitsua.

Azken partidu bietan golik sartu ez izanak arduratzen zaitu?
Sarritan, bolada kontua da. Batzuetan, atera jaurtitako dena barrura doa eta, beste batzuetan, ez da sartuko egun osoa saiatuta ere. Beste egoera batean kezkagarria litzateke, baina gaur egungo gure egoeran, ez. Gaur ligako talderik onena garela diote zenbakiek.

Gaur arratsaldean, beste oilar batek, Portugaletek, bisitatuko du Tabira.
Hirugarren Mailako laugarren multzoak duen bereizgarri nagusienetakoa da ez dagoela partidu errazik. Hainbeste kalitate ez dutenek lanerako konpromisoagaz eta diziplina taktikoagaz ordezkatzen dituzte euren gabeziak. Portugaleteren kasua horixe dela uste dut. Guk gure jokoa egiten saiatu behar dugu.

Zaleek txarto egingo lukete lorpen handiren bategaz amets egiten?
Ez horixe. 24 partiduren ostean, goian egoteko potentzialik ez dugula esatea zaleak engainatzea litzateke. Orain arte kapaz garela erakutsi badugu, horretarako hainbat errekurtso ditugulako da. Lorpen handiren bategaz amesten jarraitu behar dugu, zaleek ere amesten jarraitu dezaten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!