“Abisatu nuen bezala, Athleticen golen moduan ospatu dut; berdin didate kamerek”

Ander Sagardoy 2018ko ots. 9a, 14:00

Behar kontuengatik, eguenean (otsailak 1) iritsi naiz Madrilera. Bertan eduki dut zain Eneko, eta azken hileko gorabeherak kontatu dizkit. Lehenbiziko urduritasunak agertu dira.

Barikuan, anaiaren lagun batzugaz afaldu, eta pixka bat konspiratu dugu. Zapatuan, beste askotan bezala, batera itzartu gara. Ondo armozatzea zen asmoa, baina Enekok bertan utzi du berearen erdia; urduri dago. Momentu handia heltzen ari dela konturatu gara. Motxila prestatzen entzun dut lehenbizi; gero, telebistan entzungo zen berbaldia. Enekok siesta egin gura du, baina ez dakit lortu duen. 19:00ak dira, eta pajarita jantzi ezinik nago ni. Anaia etorri  behar izan da laguntzera. “Lasaiago geratuko naiz zuri pajarita ondo jarrita”, esan du. Nik baino hobeto daramatza nerbioak.

Hasi da ikuskizuna. Kamera mordoa zuzenean emititzen. “Ni ez naiz Eneko Sagardoy, hango hura da” diot. Beste kamera bat, eta berdina. Taxia hartu, eta hotelaren beste aldera joan gara. Han dago Handiako ekipoa. Argazkiak egin, eta areto barrura. “Beharbada, ez da hainbesterako, ez?”. Inozoak gu. 7. ilaran gaude, eta ez dugu ikusten atzean dugun guztia. 20 metrora Javier Bardem eta Penelope Cruz. Eneko pasillo alboan jesarri da. Ni, ondoan. Lokalizatu ditugu ama eta Joseba Usabiaga, hegal batean. Telebista ikusten ari naizen sentsazioa dut. Agertu dira Paco Leon eta Marta Etura. “Badator momentua” diosta. Ebatu dut, askatu dut, albokoa ebatu dut. “Eneko Sagardoy!”. Abisatu nuen bezala, Athleticen golen moduan ospatu dut; berdin didate kamerek. Diskurtso hasieran familiakook aipatu gaitu. “A mis padres...”. Hor hunkitzen nau, guztia merezi dute-eta. “A mi hermano...”. Horrek sorpresaz harrapatu nau, betirako gordeko dudan harrotasuna. Oraindik ez dut sinesten ikusten nabilena.

Hurrengo goizean errealitatera jaitsi ginen. Enekori Txotxe hil dela esan behar diot. Inoiz ez dut ikusi horrela negar egiten. Inoiz ez. Kolpe gogorra izan da, bi munduren arteko talka. Oraindik sinetsi ezinik, atzera buelta Durangora. Bidean elkarrizketa gehiago, eta elurra. Iritsi gara etxera azkenean. “Hor oso bistara dago, ez dut denbora guztian presente eduki gura”, dio Enekok. Eta egongelan erdi ezkutuan dagoen apal batean geratu da buruhandia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!