“Helburuak lortzeko, norbere buruarengan sinestea eta gogor lan egitea da garrantzitsuena”

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 9a, 13:00

Goi-mendiari eskainitako hitzaldi sorta osatu dute Plateruena Kafe Antzokian; gaur, 19:00etan, Alvaro Ortiz ‘Tasio’-k eta Patxi Usobiagak hitzaldi bana eskainiko dute. Azaroan 9a+/b graduko bidea egin zuen Usobiaga eibartarrak, eta zailtasun hori egiten duen lehen euskal eskalatzailea da. ‘Sin Límites’ dokumentala izango du berbagai Durangon.

Zure bizitzaren inguruan egindako ‘Sin Límites’ proiekzioaren harira etorriko zara Durangora. Zer erakusten du dokumentalak?
Eskalatzaile profesionala nintzenean bizimodu bat neukan. Baina, egun batetik bestera, istripu bat izan nuen eta goi mailako kirola utzi behar izan nuen. Hala ere, gero, berriz ere poliki-poliki eta gogor lan eginda, eskaladara itzultzea lortu nuen, bai entrenatzaile moduan eta baita kirolari moduan ere. ‘Sin Límites’-ek bizitza prozesu horretan bizitako faseak kontatzen ditu, eta kirolari profesional batek berriro ere indarra nola hartzen duen azaltzen du, batez ere.

Nolakoa izan da dokumentala grabatzeko momentua?
Une oso gogorra izan zen, nire bizitzako bideorik gogorrena grabatzea tokatu zitzaidan eta. Azken batean, istripu baten ondorioz, nire bizitza, nire egunerokoa goitik behera aldatu zen. Hala ere, lan eginda ikusten da nola hartzen duen indarra kirolari batek, egoerari buelta eman eta bizitzan zoriontsu izateko.

Dokumental hau zailtasunen batetik irteten dabilen edozeinentzat izan daiteke aproposa?
Bai, baina ez horientzat bakarrik. Proiekzio honek erakusten du egunen batean zeozer amesten baduzu eta zure buruarengan sinesten baduzu, gogor lan eginda lortuko duzula. Gainera, niretzat oso polita da helburu bat lortzeko lanean zabiltzanean, prozesu hori guztia bizitzea. Bide horretan gorabeherak egongo dira, jakina, baina, helburuak lortzeko, norbere buruarengan sinistea eta gogor lan egitea da garrantzitsuena.

2010ean istripu bat izan ostean, 2011n eskalatzeari utzi zenion. Hala ere, 2014an berriz itzultzea lortu zenuen. Uste zenuen bueltatuko zinela?
Egia esan, eskalada utzi  eta hurrengo bi urteetan, uste nuen ez nuela inoiz gehiago eskalatuko. Lepoan min handia nuen, ezin nuen gustuko nuen kirola egin. Baina, sufritzen jarraitu ordez, beste motibazio bat bilatzen ahalegindu nintzen. Orduan, surfeatzen hasi eta bizitza erlaxatuago bati ekin nion.

Baina, duela lau urte berriz eskalatzen hasi eta gaur egun goi mailan zabiltza.
Kirolari profesionalen bizitza oso gogorra da, oso diziplinatuak izan behar baitugu. Hala ere, erretiratzea erabaki nuenean, lasaiago bizi nintzen eta gustura nengoen, baina gero konturatu nintzen norbera den modukoa dela, eta nik gorputzari egurra ematea nuela gustuko.  Orduan, zenbait proiektugaz hasi nintzen. Lehenengo, eskalatzaileak entrenatzeari ekin nion eta, ostean, neu hasi nintzen berriro eskalatzen. Hala ere, aitortu behar dut maila gorenean nabilen arren, ez daukadala lehengo sasoia.

Etorkizun hurbil batean, ze helburu dituzu?
9b graduko bide bat egitea da nire helburua. Baina azaroaren 10ean egin nuen “Pachamama” 9a+/b graduko bidetik oraindik errekuperatu gabe nago. Nire asmoa ahalik eta arinen proiektu berri bati heltzea da, eta berriz ere entrenatzen hastea. Hainbat aldiz saiatu naiz berriro ere entrenatzen, baina ikusten dut nire gorputza ez dagoela prest beste proiektu edo erronka bati ekiteko. Hala ere, pare bat hilabete barru hurrengo helbururako prest egotea espero dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!