“Itzultzeko gogoz nago eta espero dut Durangaldeko musikazaleak igande-pasa etortzea”, azaldu du Narbaizak. Hainbat bider egon da aurretik eibartarra Platerueneko oholtza gainean. “Napoka Iriagaz jo izan dugu Plateruenean, Joseba B. Lenoirregaz, Perlakegaz... Gustura aritu izan naiz beti”, adierazi du. MICE proiektuagaz abenduan ere egon zen Narbaiza EHZ jaialdiarekiko elkartasun kontzertuan. Oraingoan, ostera, “formatu txikian” izango da kontzertua, gitarra akustiko eta elektrikoagaz, pianoagaz eta ahots jokoagaz; Joseba Baleztenak lagunduko dio Narbaizari.
Zortzi kantuko lana Berako Atala estudioan grabatu du Miren Narbaizak; Iñigo Irazoki arduratu da grabazioaz. Narbaizak Joseba Baleztenaren eta Ilargi Agirreren laguntza izan du grabaketa prozesuan. Domekako emanaldian, diskoa osatzen duten abesti sortaz gainera, bestelako sorpresaren bat egongo dela iragarri du. “Disko guztia aurkeztuko dugu eta kanta berri pare bat ere prestatu ditugu, baita bertsioren bat edo beste ere”, esan du. Diskoak harrera ona izan du, eta iaz kaleratu zenetik, hamaika zuzeneko eskaini ditu MICE proiektuak, bakarka zein taldean; besteak beste, Bergaran eta Gasteizen eskaini dituzte kontzertuak.
Napoka Iria taldean hainbat urtez egon da eibartarra, bikoteak 2017ko uztailaren 7an bere azkeneko kontzertua eskaini zuen arte. Domekako emanaldia 13:00etan hasiko da.