Nola sortu zen Hozkailua antzezlana idazteko aukera?
Betidanik izan dugu harremana Ander Lipusek eta biok, eta Francoren bilobari gutuna antzezlanagaz zebilela, formatu txikiko zerbait egin gura zuela esan zidan. Erraz eta asko mugitzeko modukoa, antzokietara mugatu gabe edozein tokitara heltzeko modukoa. Obra txiki bat. Hainbat bider batu ginen, eta gure arteko elkarrizketa horietatik sortutako istorio bat izan da. Izan ere, ez zegoen ezer. Bai bagenekien zerbait gaur egungoa eta belaunaldi bati lotua izan behar zuela eta, ez dakit nola, eskeleto baten ideia azaldu zen. Horrela abiatu zen Hozkailuaren gaia. Esan behar da Los tres entierros de Melquiades Estrada filma ere nahiko presente dagoela.
Pozik zaude emaitzagaz?
Bai. Aulestian estreinatu zuten, apirilean, oso testuinguru kuriosoan. Polita izan zen. Durangoko ezagun batek han esan zuen moduan ‘Zinema Paradiso’ ematen zuen. Antzerki munduko jendea zegoen, baina, batez ere, herritarrak; ume, nagusi... denetarik. Pozik, barre asko egin zuelako publikoak; eta harrituta ere bai, espero ez duzun unean egin dutelako barre, eta espero duzunean, ez. Baina, batez ere, pozik nago Huts Teatrokoak pozik daudelako eta obra asko mugitzen ari delako, gura zuten lez.
Egoera absurdo batetik abiatzen da ‘Hozkailua’. Maite eta Karlos lagun min izandakoak herririk herri ibiliko dira Jimmy lagunaren hilotza gordetzen duen hozkailu bategaz.
Hala da, bai. 80ko hamarkadan banatu egin ziren lagunak dira Maite (Patricia Urrutia) eta Karlos (Ander Lipus), biak Londresera joandakoak, eta, orain, berriro elkartu dira hil den hirugarren lagun baten aitzakian. Orduan amesten genuenaren, egin gura genuen horren, eta orain garenaren arteko talka dakar Hozkailua antzezlanak. Lagunari lur emateko, haren herria topatu guran dabiltza Maite eta Karlos, eta hori bakoitzaren denbora —Londresen geratu zen Maite eta Karlos herrira bueltatu zen— nola joan den ikusteko aitzakia izango da; bien kontraesanak azaleratzeko, garai bateko ametsei uko nork egin dien ikusteko, burua nork makurtu duen edo ez ikusteko...
Adiskidetasuna da obraren oinarria?
Bai. Askotan ‘kolega’ berba agertzen da obran. Benetako lagunak hala izaten jarraitzen du, urteetan ikusi ez arren. Baina, berriro elkartzean, harreman hori proban jarriko da: konpartitu zuten mundu hori oraingora ekartzean nola funtzionatzen duen jarriko da proban. Bidean isolatuta daude benetako lagun bi, kokoteraino, eta beraiekin hirugarren lagun bat daramate hozkailuan. Egoera absurdo batek sortzen dituen tentsio eta egoera komikoak azaltzen dira Hozkailuan.
Umore beltza erabili duzu hori guztia azaleratzeko?
Bai. Bestela ere beltza, absurdoa da planteamendua. Hala ere, desdramatizatzeko era bat ere bada. Norberaren buruari barre egitea ona omen da, baina beti ez da erraza izaten. Ispilu baten aurrean jarri behar dugu gure buruari barre egiteko, eta batzuetan ez gara jartzen. Igual norbait beharko dugu ispiluarena egiteko. Neurri batean, Maite eta Karlos, biak dira ispilu elkarrentzat; eta horrek esan gura du orain dela 20 urte utzi zuten ‘ni’ horregaz topatzea. Elkarregaz egon ziren garai hura ere beltzagaz, punk-agaz lotu daitekeen garaia da, eta orain, ostera, aldatuta datoz, bien arteko lotura berdina den arren.
Begirada kritiko bat du obrak?
Zer ginela uste genuena, zer izan gura genuen eta orain non gauden. Hori da Hozkailuan planteatzen dena. Ez da kritika bat, ez epaia; konstatazio bat da. Gauzak aldatu egiten dira. Ukaezina da hori. Kontua da zein den egindako irakurketa, nolakoa izan den bidaia hori eta ispiluari begiratzean zer ikusten dugun, konforme gauden, zeintzuk kontraesan ikusten ditugun... Denok egin dugu bidaia hori, Hozkailuan azaltzen den unean edo besteren batean. Inoiz egingo ez genituen hainbat gauza egin ditugu, baita orduan amesten ez genituen asko ere.
Musikak ere garrantzia hartzen du?
Garai hura irudikatzeko, orduko abesti ezagun asko erabili dira, euretako asko himno bihurtutakoak. Himno bihurtzen diren abesti askok belaunaldiak gainditzen dituzte, eta garai bati kontestu bat emateko oso baliogarriak dira: norbera garai batera eramateko. Nahikoa dira une batean, eta 20 urteko tarteagaz, kantuan jartzeko eta sortutako kontraesana azaleratzeko. Asier Ituartek egin du soinu banda.
Gidoigintzan aritua zara. Antzezlana idaztea pauso bat gehiago ematea izan da?
Lipusen proposamena aukera polita iruditu zitzaidan. Gustatzen zaizkit halako lanak, beti ere bere eskariz badator. Ez naiz antzerki idazlea edo antzerki mundukoa; bada, makulua behar dut sorkuntzarako, lagun bat. Baditut gauza batzuk kontatzeko, baina jardun bakoitzak bere kodeak ditu: antzerkiak, zinemak, literaturak... ez ditut menperatzen eta laguntza behar dut. Oso polita da antzerkia, bizia, baina egia da, idatzi dudanean, beti izan dela inoren eskariz.
Komikigintzan ez ezik, Durango 1936 elkarteagaz ahozko artxiboa sortzen ere ari da lanean Unai Iturriaga Duela urte batzuk marraztera “ausartu” zenetik, etenik ez duen haria ere bada komikigintza bertsolari durangarraren bizitzan. Gaur egun, GAUR8 eta JAKIN aldizkarietan kolaboratzen du, eta H28 proiektuan ere ibili da. Horrez gain, Xabiroi komiki aldizkarirako ere idazten du Iturriagak. Haur Besoetakoa pertsonaiaren istorioak argitaratzen jarraitzen du Alex Xanvi marrazkilariagaz elkarlanean. 2014an aldizkarian argitaratutakotik aukeraketa bat egin eta komiki-albuma ere kaleratu zuten bien artean, eta, lasterrera, bigarren albuma kaleratu gura dute, azaldu duenez. Afizio baino, “pasioa” du komikigintza oraindik plazaz-plaza jarraitzen duen bertsolari durangarrak. Memoria historikoa |