Durangoko tren geltokirako sarbide nagusia eraikitzea izango da 'Durango Operazioaren' hurrengo pausoa

Markel Onaindia 2018ko urt. 30a, 13:08

Egungo sarbideak hainbat kexa jaso ditu.

Udalak azaldu du 2006ko plan berezian jasotzen zela estazio zaharra botatzea, eta hori beharrezkoa zela geltoki berriko sarbide nagusia eraikitzeko. Horrela, estazioa eraitsita, hori izango da Durango Operazioa proiektuko hurrengo urratsa. 

Gaur egun sarbide garrantzitsuena dena larrialdietarako irteera lez diseinatu zuten hasieran, eta erabiltzaileen hainbat kexa izan ditu, aterpe bakoa delako eta eskailera irristakorrak dituelako. Horren ondorioz, sarbide hori ere estali egingo dutela eta eskailerak hobetuko dituztela azaldu du udalak, gaur bidalitako prentsa oharrean. Gainera, sarbide nagusia izango denak "erabiltzaileen segurtasuna eta irisgarritasuna lehenetsiko" dituela argitu du. 

Transformazio elektrikoaren eraikina mantendu
Udalak eta ETSk sinatutako akordioari esker eramango dira aurrera obrak. Horren baitan zegoen estazio zaharra botatzea ere. Udalaren esanetan, eraikin horrek ez zeukan babes izaerarik; bai ostera, transformazio elektrikoko eraikinak, eta bere horretan mantenduko dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!