“Ahizpak gara eta elkarri laguntzen diogu, baina elkar xaxatzen ere badakigu”

Joseba Derteano 2018ko urt. 26a, 15:45

Pistan zein krosean inoiz baino neska gazte gehiago dabiltza. Miguel Angel Munitxa Bizkaiko Atletismo Federazioko presidenteak esandako berbak dira. Loraldi horren protagonistetako bi Irene (2002) eta Nerea Costa (1998) dira. Ahizpak dira onerako zein… ez hain onerako. Batak besteari laguntzeko beti prest, elkar xaxatzen ere badakite, konplizitate berezia dutela sumatzen den arren. Eta biak ala biak etorkizun handiko korrikalariak dira.

Nerea, futbolaren, saskibaloiaren eta taldekako beste hainbat kirol ezagunen artean, zergatik aukeratu zenuen atletismoa?
Nerea Costa: Olga gure ahizpa nagusia zein lagunak saskibaloian zebiltzan, baina nik ez nuen gura. Niri txikitan korrika egitea gustatzen zitzaidan, eta nire lagun-minagaz batera atletismoan hasi nintzen.  

Irene, umea zinela zure ahizparen makina bat lasterketa ikusiko zenuen, ezta?
Irene Costa: Bai, ibiltzen ginen, baina batzuetan umeek ere parte hartu zezaketen, eta neu ere korrika aritzen nintzen. Hasieran, ez nekien saskibaloiaren eta atletismoaren artean zein aukeratu, ahizpa bat saskibaloian aritzen zelako, eta bestea atletismoan. Azkenean. atletismoan hastea erabaki nuen.
N.C.: Nik atletismoa aukeratzeko esaten nion eta Olgak, berriz, saskibaloia. Bietatik entzun zuen.

Krosa ala atletismoa. Zer gustatzen zaizue gehien?
I.C.: Niri, krosa. Krosean gehiago sufritzen da, baina pista, distantzia laburragoak badira ere, luzeago egiten zait, hari bueltaka zabiltzalako beti. Nire etorkizuna, beharbada, gehiago ikusten dut krosean.
N.C.: Desberdin bizi diren kirolak dira. Biak gustatzen zaizkit. Atletismoan espezialitate gehiago daude: korrika, jaurtiketak, saltoak… Etorkizunean, nire burua gehiago ikusten dut pistan. Krosa oso baliagarria da pistarako prestakuntza moduan.

Korrika egitea ez den beste espezialitaterik probatu duzue?
N.C.: Altuera-jauzia, baina aspaldi utzi nuen. Txikitan gauza desberdinak probatzen dituzu, ondoen eta gusturen non zabiltzan jakiteko.
I.C.: Ni ere altuera-jauzian ibili naiz. Aurten ez dakit errepikatuko dudan, oraindik krosean gabiltza eta.

Zelan doa kros denboraldia zuentzat?
I.C.: Ni lesionatuta nago. Tendinitisa daukat. Joan zen astean hasi nintzen entrenatzen.
N.C.: Aurten promesen mailan nabilenez, iaz baino distantzia luzeagoak egiten nabil. Lau-bost kilometro barik, zortzi. Aldaketa handia da. Zornotzako nazioarteko krosean izan nuen lehenengo esperientzia eta sufritu egin nuen. Arin hasi ostean, erritmoa apur bat jaistea erabaki nuen. Joan zen asteburuan gustura aritu nintzen Berrizen, eta irabazi egin nuen nire mailan. Aurrera begira, Bidezabaleko promesen taldea Espainiako kros laburren txapelketarako sailkatuta dago, eta otsailaren 25ean Gijonera joango gara.
I.C.: Guk otsailaren 11n dugu sailkapen proba.

Espainiako txapelketetan parte hartzea errealitate dosi bat hartzea lakoa da?
N.C.: Bai, beste maila bat dago. Euskadin aurreko postuetan zabiltza eta han erdi inguruan.  

Irene, zure ahizparen pausoei jarraitzen zabiltza. Bide horretan, Nerea eredu edo ispilu izan da zuretzat?
I.C.: Bai, une batzuetan, bai. Zer egiten duen, zelan egiten duen… Gertuko erreferentzia izan da, eta da.

Bata besteagaz lehiakorrak zarete? Badituzue piketxoak?
I.C.: Elkarregaz entrenatzen bagara, berari irabazten saiatzen naiz.
N.C.: Ahizpak gara eta elkarri laguntzen diogu, baina batak bestea xaxatzen ere badakigu, egia esan.
I.C.: Inoiz esan dit: “Nik zure adinagaz distantzia honetan denbora hau egiten nuen…”. Eta antzerakoak (barreak).
N.C.: Tira, animatzeko esaten diot, motibatu dadin.
I.C.: Eta motibatzen nau, berak baino hobeto egin behar dudala pentsatzen dut.
N.C.: (Ahizpari begira) Anekdota hura kontatu dezaket?
I.C.: Bai, aurrera.
N.C.: Iazko denboraldi hasieran gaixorik egon nintzen. Bi-hiru hilabete entrenatu barik eman nituen. Gaixotasuna gainditu eta pistara neure burua probatzera nindoala, Irenek nigaz zetorrela esan zidan. Luzaroan entrenatu barik nengoela eta irabazi egingo zidala esaten zuen. “Niri irabaztearren, Irene kapaz da gonbitoka hasteraino indarrustuta geratzea”, esan nuen pistan entrenamendua hasi aurretik. Hasi ginen korrika, eta eginahalak egin zituen niri irabazteko. Hainbeste ze, esan nuena bete egin zen.
I.C.: Aukera aprobetxatu gura nuen, baina… gaixotasunaren ostean berari laguntzeagatik ere joan nintzen.

Lesionatuta zaudetenean, esperotako emaitzak lortzen ez direnean… Batak bestearen babesa edo aholkua bilatzen duzue?
N.C.: Bai, jakina. Elkar animatzen dugu eta bata besteari laguntzen saiatzen gara.
I.C.: Normala da. Azken batean, ahizpak gara.  

Nerea, atletismoan Espainiako txapelketan aritutakoa zara?
N.C.: Orain hiru urte sailkatu nintzen lehenengoz Espainiakora, 1.500 metroko proban. Orain urte bi finalera heldu nintzen, eta seigarren amaitu nuen.

Eman aholku batzuk ahizpari. Zein da 1.500 metroko proban ondo aritzeko sekretua?
N.C.: Konstantzia, iraunkorra izatea. Ibiliko zaren erritmoan hastea.

Pozik zabiltzate Bidezabalen?
I.C.: Oso pozik nabil. Giro ona dago.
N.C.: Isidoro Hernandez entrenatzailea gu ulertzen saiatzen da.
I.C.: Eta badaki gu motibatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!