Durangora iritsi da Hozkailua, Unai Iturriagak idatzitako antzezlana

Aritz Maldonado 2018ko urt. 29a, 11:00

Aspaldiko hiru lagun elkartuko ditu Hozkailua antzezlanak. Maite eta Karlos lagun-min izandakoak herririk herri ibiliko dira Jimmy lagunaren hilotza gordetzen duen hozkailu bategaz. Bere garaian, Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela agindu zioten, baina nongoa zen galdetzea ahaztu zitzaien.

80ko hamarkadan punky izandako bi lagunek ibilbide ezberdina eduki dute hamarkada hauetan, eta berriz elkartzean, gorpua non ehortzi asmatu beharko dute. “Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da”, Hozkailuaren egileen berbetan.

Abiapuntu hori du antzezlanak, eta umore beltzez jantzita dago. Gaztaroko ametsen eta helduaroko jokabideen arteko lerro hautsiaz modu kritiko eta komiko batean aritzeko aitzakia da antzezlana; “Gure herriari botatako begirada kritiko bat da”, adierazi dute. Unai Iturriagak idatzi du obra, eta Ander Lipus eta Patricia Urrutia dira aktoreak. Zuzendaritzan, ostera, Manex Fuchs aritu da.

Bi emanaldi Durangon
Durangon, bi egunetan egongo da Hozkailua ikusteko aukera, otsailaren 1ean, 19:00etan, eta otsailaren 2an, 20:00etan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!