Eduardo Chillidaren Oihartzunak erakusketarekin ireki ditu ateak, berriz, Durangoko Arte eta Historia museoak. Artista donostiarraren 27 obra erakutsiko dira bertan. Obra horietako hainbat lehen aldiz jarriko dira ikusgai; Leopoldo Zugaza museoko zuzendari izan zen garaian eskuratutako artista probak dira. Garazi Arrizabalaga egungo zuzendariak esker ona adierazi zuen berekiko.
Irisgarritasun baldintzak betetzeaz gainera, eraberritze obrekin erakusketa gelei beste zentzu bat ematen saiatu direla adierazi du Arrizabalagak irekiera ekitaldian. Horrela, hirugarren solairuan adibidez, beste zentzu batekin ezarri dira obrak. "Ordena kronologikoaren bidez ezarri ditugu obrak. Orain, begirada batean ulertu daiteke arte garaikidea. Arte figuratibotik hasi, eta arte abstraktura iritsiko gara".
Lehendabiziko solairuko gaia Durangoko historia izango da, eta Espainiako Gerra eta bonbardaketa azpimarratu nahi izan dituzte bertan. Bigarren solairuan, berriz, aldi baterako erakusketak egongo dira ikusgai.