Gaur egun ia hamar kidek osatzen dute taldea, eta Sorginolan entsegu lokala atontzeko lanetan ari dira buru-belarri. “Lokala behar zela uste genuen, eta udalak laguntzen ez zuela ikusita, gela geu egiten hasi ginen”, azaldu du Martxel Zubia Tronpako kideak. Gelako hormak konponduta daude, eta gela bera intsonorizaturik dago. “Lurra atondu, eta ganorazko ate bat ezartzea falta da; ostean taldeek entseatu ahal izateko beharrezko materiala sartuko litzateke”, gaineratu du. Entsegu lokala zein jaialdia bera autogestionatuak dira.
Askotariko harrobia
Zapatu gauean, hainbat doinuk hartuko dute Sorginolako kontzertu aretoa. Gora Etorri taldea bigarrenez igoko da taula batera, San Faustoetan debut arrakastatsua eduki eta gero. Doinu elektronikoak jorratzen dituzte nagusiki, eta sorpresaren bat ere prestatu dute. “Sorginola gure etxea da, eta zerbait berezia egitea gustatuko litzaiguke; oraingo honetan, jaietako kontzertuan ez bezala, ez dugu mugarik edo mugatzailerik edukiko”, ohartarazi dute. Ikarass durangarrentzat ere bigarren kontzertua izango da zapatukoa. Hauek, baina, doinu ilunak dituzte gustuko. Sei urte daramatza proiektuak martxan; zuzenekoak eskaintzen, ostera, iaz hasi ziren. “Ikasketek, lanak edota bizitzako gorabeherek ez digute utzi lehenago ezer ateratzen”, azaldu dute. Azken hilabeteetan boskote formatua osatu dute, eta jauzia nabaritu dute ordutik. “Oso ondo konektatzen eta funtzionatzen dugu, eta entseguetan nabaritzen da. Bibrazio onak ditugu. “Post metala eta dooma doinuak jorratzen dituzte, eta Amenra, Cult Of Luna eta Russian Circles taldeak aipatzen dituzte eragin nagusi modura. “Urte hauetan egin duguna etxean erakusteko gogoa daukagu”, adierazi dute. Datozen hilabeteetan estudioan sartzeko gogoa dute durangarrek. “Aurretik maketatxo bat grabatu genuen gure kontura, eta pozik gaude emaitzagaz”, diote.
The Van ere ezagunak dira Tabirako 48.eko etxean. Bertan joko duten hirugarren aldia da biharkoa.Oraingo honetan, baina, formatu berriagaz joko dute. “Gogo itzela dugu”, azpimarratu dute taldekideek. Laster grabazio estudiora sartzeko asmoa dute, beraien lehen maketa izango dena grabatzera. Etsipen ere berriztarrak dira, eta gazteak izan arren, urteak daramatzate kontzertuak eskaintzen. Lokaletik At lehiaketako finala irabazi zuen laukoteak.