Ziurtagiriak lortuta sinesgarritasuna irabazi du etxeak eraikitzeko erabiltzen diren lastozko moduluen sistemak

Joseba Derteano 2018ko urt. 25a, 09:15

Lastoak material ahula eta erraz su hartzen duena dirudi. Eta halaxe da ale txikitan bananduta badago. Baina ondo eta gogor pilatuta, egoera aldatu egiten da. Hartu lasto eskukada bat eta zanpatu, trinkotu; sartu ahalik eta lasto gehien bolumen jakin batean. Bestela esanda, eman ahalik eta dentsitate handiena lasto kopuru jakin bati. Orduan, material trinkoa eta suari luzaroan eusten diona bihurtuko da.

Gasteizko Ecopaja enpresak sistema hori darabil etxeak eraikitzeko. Hormak egiteko moduluek lastoa dute osagai nagusienetakoa: egurra kanpoaldetik eta barrualdetik, eta 45 zentimetroko lastozko fardoa erdian. Hainbat arlotan sistema eraginkorra dela diote: pisu handiari eusten diola, suari aurre egiten diola eta isolatzaile ona dela. Baina esatea ez da nahikoa. Jendeak galderak egiten ditu, dudak ditu: Zenbat pisuri eusten dio? Zelan da posible lastoak suari aurre egitea? “Mesfidantza eragiten zuen”, azaldu du Jose Veiga Ecopajako arkitekto teknikoak. Beraz, egin beharrekoa garbi zegoen; sinesgarritasuna irabaztea. Modulu estandar batzuk diseinatu eta laborategietan probak egiten hasi ziren ziurtagiri ofizialak lortzeko. Emaitzak espero zituztenak baino hobeak direla diote. Horiekin fitxa teknikoak eratu  dituzte bezero potentzialei euren produktuaren ezaugarri zehatzak erakusteko. Berdeago azokan hitzaldia eskainiko dute fitxa horiek helduleku nagusi dituztela.

Suari dion erresistentziari dagokionez, probek honako hau demostratu dute: 150 minutura arteko erresistentzia izan dezakeela, araudiak 30 minutukoa exijitzen duenean. “Jendea harritu egiten du datu horrek”, dio Veigak. Baina, zelan da posible? “Lastoa hain konprimituta dago ezen ez duela oxigenorik, eta oxigenoa da sua elikatzen duena”. Eta egurrari dagokionez? “Egurrak altzairuak baino hobeto eusten dio suari. Bero handiak altzairuaren propietateak moldatzen ditu eta ahuldu egiten da. Egurrari dagokionez, erreparatu adibide honi: basoko suteetan zuhaitzak erretzen direnean, oraindino erabilgarri egoten dira. Izan ere, egurra karbonizatu egiten da, ez dio oxigenoari pasatzen uzten eta, ondorioz, suari  kosta egiten zaio aurrera egitea”, azaldu du Veigak.

Isolamendua
Barrualdea kanpoaldetik isolatzeko duen ahalmena da, beharbada, moduluen ezaugarri baliotsuena. “%90 era arteko aurrezpen energetikora heldu daiteke”, dio Veigak. Hezetasunari aurre egiteko ahalmena ere nabarmendu du. “Egurraren kanpotik karezko morteroa darabilgu, antzinako erromatarren antzera. Honek, zementuak ez bezala, baporeari igoratzen uzten dio. Eraikinak arnasa hartzen du”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!