Azken urteetan baratzeari duen garrantzia eman diogu?
Inolaz ere ez. Inguruan landarea lantzeko baztertuen dugun tokia izango da. Baserriari buruz pentsatzerakoan, gure imajinarioan askoz garrantzi gehiago eman diegu mahastiei, belazeei, basoei, sagastiei, fruitu arbolei... Inguruko baserriei buruz galdetzen baduzu, esango dizute han esnea egiten dutela, bestean ardiak dituztela, harantzago sagardoa egiten dutela, edo haragitarako behiak dituztela. Etxe guztietan dago baratzea, eta ez du inork aipatzen. Zergatik? Lan hori emakumeek egin dutelako. Gizonezkoek egiten dituzten gauza handiei eman zaie garrantzia. Eta egunero-egunero behar dugun baratzea, horrek duen konplikazio guztiagaz, ez da kontuan hartu. Aldiz, orain mundu guztiak gura ditu baratzeak.
Baratzeari buruzko jakintza hori emakumeek dute, beraz.
Bai, jakintza izugarri hori emakumeek gorde dute. Harro egotekoa da. Horrek, gainera, kulturan ere garrantzi handia du, bai hazien aukeraketan eta baita bertako barietateak mantentzeko egiten den lanean ere.
Leku askotan herri baratzeak bultzatzen ari dira, baita kontsumo taldeak ere. Loraldi bat bizitzen ari gara?
Baratzea hiritartzen ari da. Hirietan bizi da euskaldun multzorik handiena. Beraz, mugimendu horiek oso interesgarriak eta oso beharrezkoak dira. Hirietan bizi den jendeak jakin behar du zenbat denbora behar duen letxuga batek hazteko. Horri balio bat emateko garrantzitsua da ezagutza hori izatea. Durangoko Azokan egon nintzenean mundu guztiari letxuga landare bat oparitu nion. Neguan letxuga bat landatzen baduzu, azokako sasoi horretan, kanpoan eta normal badator, hiru edo lau hilabete beharko ditu jateko. Gero, prezioari buruz eztabaidatzen dugu, 70 edo 80 zentimo ordaindu behar ditugun. Kalitatezko produktuak gura ditugunean, ezagutza hori garrantzitsua da, zein mimo eta zein koste duen jakiteko. Gizartearentzat zein ekarpen egiten duen ere ezagutu behar da, paisaiaren, elikadura osasuntsuaren, ingurumenaren, zaintzaren eta bizitza kalitatearen ikuspuntutik.
Krisiak zein eragin izan du elikaduraren burujabetzan?
Jendea, baliabide murritzagoekin, beste modu batera pentsatzen hasi da. Esate baterako, eguberritan nire herriko fruta-dendan gereziak egon dira salgai. Hemeretzi euro kiloa. Txiletik ekartzen diren gereziak dira. Guk dirurik ez badugu, txiletarrei ez zaie hona esportatzea interesatuko. Guretzat inportantea da jakitea bertan noiz ditugun sasoiko eta kalitatezko gereziak. Udaran. Krisiak birkokatu egin du jende asko, eta gauza askoren balioaz jabetu dira. Hau da, elikaduran gastatu behar badut, izan dadila elikadura osasuntsu eta kalitatezkoa, eta ekonomia zirkularra sustatzen duena.
Elikadurari lotuta, jaten ditugun produktu horien inguruko ardura sumatzen duzu?
Erosten dugunaren arabera, gero eta jende gehiagok argi du ekologikoaren alde egin behar dugula. Eta horrek jasangarritasunagaz, lurragaz eta arnasten dugun aireagaz lotura du.
Kulturak eta lurrak ere badute lotura bat.
Zalantzarik gabe. Kultura hitza cultibaretik dator, lurra lantzetik. Orain dela 5.000 urte hemen lurra lantzen hasi ez bagina, oraindik tximinoak izaten jarraituko genuke. Ez genuke ez hizkuntzarik ez arkitekturarik izango. Hau da, lurra lantzeak ahalbidetu du kultura. Beraz, norbaitek lurra landu izan duelako dute sormenerako aukera poeta, idazle eta musikariek, eta hori gogorarazi gura izan nien azokan. Eta beraiek elikatzen direlako. Horregatik, lurra eta kultura gauza bera dira. Kultura guztiaren oinarria lurra da.
Euskaldun bat ez da benetan kultua baratzeari buruz ez badaki. Zeuk esana dela diote.
Baratzeari buruz ez badakizu, ezin zara kultua izan. Argi eta garbi. Kultura lurra bada, eta lurrari buruz ez badakizu... jakintsua izan zaitezke zeozertan, baina jantzia, ez.