Horrela, Pott Produkzioak jaialdia antolatu du biharko, hilaren 20rako. Bertan, Txapito Guzman eta Ibarrako Langostinuek, Storm eta The Wilsons taldeek hartuko dute parte. Azken orduko ezbehar baten ondorioz, State Alerta taldeak ez du kontzertua eskainiko; The Vanek ordezkatuko ditu. “Artistekin elkarlanean jaialdi bat antolatzea erabaki genuen, eta Plateruena horretarako leku aproposa zela erabaki genuen”, azaldu du Gorka Bidaurrazaga Potti Pott Produkzioakeko arduradunak.
Txapitoarrek eta Stormek iaz kaleratu zituzten beraien lehenbiziko lanak, eta horiek aurkezten ari dira Euskal Herriko hainbat lekutan. Lehenbizikoek festa bilakatzen dituzte beraien kontzertuak, euskal rantxerekin. Bigarrenek, ostera, rock doinuak jorratzen dituzte.
The Wilsons taldea estudiotik atera berritan iritsiko da Plateruenera. “Lau abesti berri grabatu ditugu, baina oraindik ez dugu erabaki zein formatutan kaleratu,” dio Pottik. Lorentzo Recordsek Berrizen dituen estudioetan grabatu dituzte kantak. Kontzertu berezia eskainiko dute, izan ere, urtean zehar aukera gutxi izan ohi ditu taldeak elkartzeko. Iaz elkartu ziren azkenengoz, Back Home Tour izeneko birarako; Mañarian, Zaldibarren eta Abadiñon eskaini zituzten kontzertuak. State Alerta abadiñarrak beraien lehen diskoa izango denaren grabaketaren azkenengo fasean murgilduta daude.
Jaialdirako sarrerak bost euroan erosi ahal dira. Kontzertuak 20:30ean hasiko dira.
Produkzio integrala
Ikus-entzunezkoen munduan denbora egin ostean, Bidaurrazagak ibilbide propioari ekitea erabaki zuen 2016an. “Urteetan zenbait enpresatan lan egin ostean, nire kontura ekoiztetxe bat sortzea erabaki nuen”, adierazi du. Arlo musikala jorratzen du nagusiki ekoiztetxeak.