Seigarren urtez jarraian antolatu dute Berdeago Euskal Ingurugiro Iraunkortasun Azoka, Durangon. Biztanleria kontzientziatzea eta ingurumen jasangarritasunaren inguruan merkatuan existitzen diren aukera desberdinak ezagutzera ematea du helburu Berdeagok, eta, urte guzti hauetan 60.000 bisitari, 330 enpresa jasangarri eta 80 hizlari baino gehiago igaro dira bertatik; 85 jarduera ludiko eta hezigarriak egin dira. Eraginkortasun energetikoagaz, mugikortasun jasangarriagaz eta hondakinen kudeaketagaz lotutako enpresei, azken kontsumitzaileei, eta, oro har herritarrei bideratuta dago, eredu energetiko alternatibo bat sustatzeko asmoz.
Berdeago Energyk energia berriztagarrien, mugikortasun jasangarriaren eta hondakinen tratamenduen inguruko alternatiba berdeak ezagutzeko espazioa —47 erakustoki batuko ditu— izan gura du. Berdeago Naturek, berriz, ziurtagiridun produktu ekologiko eta produktu naturalen inguruko alternatiba berdeak eskainiko ditu; 74 erakusle batuko dira bertan, arlo askotarikoak:osasuna eta ongizatea, etxe osasuntsua, kosmetika ekologiko eta naturala, elikadura ekologikoa eta elikadura ekologikoa, moda, artisautza eta jolas jasangarriak, ingurugiroa eta natura, eta, ekonomia soziala.
Espazio "entretenigarri" eta "didaktikoa" eskaini guran, adin guztietarako programarik zabalena eskaini gura izan dute Berdeagoko antolatzaileek, Juan Zubiaurrek euren izenean esan duenez. Horretarako lau gune sortu dituzte: Hitz Berdea Gunea, Zirkulo Berdea Gunea, Film Berdea Gunea eta Aukera Berdea Gunea.
Aitziber Irigoras alkateak Berdeago Azokara bisitatzeko deia egin du. "Ingurune eta eta energia jasangarritasunean sortutako idea berriak erakusteko halako fokua izatea zorte ikaragarria da" bere berbetan. Durangoko alkateagaz batera prentsaurrean egon dira Jesus Losada IHOBEko zuzendari nagusia, Jabier Gonzalez Cafes Baqueko ordezkaria, eta Iratxe Uriarte BBKko ordezkaria. Guztien babesa du Berdeagok. Baita Eusko Jaurlaritzarena, Bizkaiko Foru Aldundiarena, Eroski eta Energiaren Euskal Erakundearena, besteak beste.