Hainbat diziplinatako artistek bat egingo dute Malutan, zirku tradizionala eta berria fusionatzeko

Aritz Maldonado 2017ko abe. 26a, 11:55

Karpatik atera, eta antzokira bidaiatuko du zirkuak Maluta ikuskizunagaz. Hirugarrenez eskainiko dute emanaldi berezi hau San Agustin kultur gunean.

Ganso&Ciaren eskutik, abenduaren 28, 29 eta 30ean zirku bilakatuko da San Agustin aretoa. Zenbait tokitatik etorritako artisten konbinazioak ikuskizun bakarra osatu ohi duela azpimarratu du Gorka Ganso Ganso&Ciako kide eta zeremoniako maisuak, eta horrek egiten du berezi Maluta. “Artista talde hau egun hauetarako baino ez da batzen, eta beraz, ikuskizuna egun hauetan, hemen, baino ezingo da ikusi”, adierazi du Gansok. Ikuskizun parte-hartzailea izateak are bereziago egiten du hitzordua, gainera. “Inprobisaketaren askatasuna eta ikusleen partaidetzaren arabera, luzatu edo murriztu egin daiteke ikuskizuna”, gaineratu du. Emanaldiak ordu eta erdi ingurukoak izango dira.

Zirkuaren bi korronte nagusien arteko oreka lortzen saiatzen dira antolatzaileak, hau da, zirku tradizionalaren eta zirku berriaren arteko nahasketa dira saioak. Hirugarren Maluta honetan, sei artistek parte hartuko dute, Ganso&Ciaz gainera. Maple Staplegun australiarrak Hula Hoopagaz egiteko gai dena erakutsiko du; Herrialde Katalanetatik datoz Diegolow! eta Amer i Africa, eta Aragoitik, ostera, Dani Ball. Lehenbizikoa diaboloen maisua da; Amer eta Africa, ostera, akrobatak dira. Garazi Pascual eta Mikel Ayala euskal herritarrek ere hartuko dute parte; Pascual kable gainean oreka mantentzen artista da; Ayalak, ostera, malabareekin garatu du trebezia. Artista guztien artean, Dani Ballen parte-hartzea nabarmendu du Gansok. “Gutxitan ikusten diren artistak ekartzen saiatzen gara, hainbat diziplina nahasteaz gainera; aurten, azpimarratzekoa da Dani Ballen ikuskizuna: fitness baloi baten gainean egiten ditu akrobaziak.

Haur zein helduentzat
Garaiko zirkuaren zaleez gainera, malabareak eta akrobaziak gustuko dituztenek ere gozatuko dute emanaldi hauekin. “Helduentzat ere oso gomendagarria da, haurrik gabe etorrita ere”, dio Gansok. Bide batez, sarrerak aurrez erosteko deia egin du, “kalean ez geratzeko”.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!