“Aitatasunaren esperientzia bizi gura nuela erabaki eta kolpean dena utzi nuen”

Joseba Derteano 2017ko abe. 26a, 10:30

Julen Ozaeta lasterketen mundutik kanpora ibili da maiatzetik hona. Neska-lagunaren haurdunaldia eta Malen alabaren jaiotza izan dira arrazoiak. Abenduaren 16ko asteburuan itzuli zen, Dimako trailean, eta hirugarren amaitu zuen.

Zelan joan zen Dimako traila?
Ez nekien zelan egongo nintzen. Zazpi hilabetean geldirik egon ostean, duda asko nituen. Aurrean hiru geratu ginen. Bizkor zihoazen eta zortzi kilometrotan eutsi nien. Ondoren, nire erritmoan jarraitzea erabaki nuen.

Denbora luzea zeneraman geldi.
Maiatzetik dortsalik jarri barik nengoen. Aitatasunaren esperientzia bizi gura nuela erabaki eta kolpean dena utzi nuen. Alaba uztailean jaio zen. Bost hilabete horietan ez nintzen batere entrenatu. Orain pare bat hilabete daramatzat entrenatzen, apurka-apurka. Ez lehengo erritmoan, baina ahal dudana egiten.

Modan dago seme-alabekin helmugaratzea. Orain baduzu nogaz egin.
Lasterketak ikustera etortzen bada, seguru egingo dudana.

Zer eskatzen diozu 2018ari?
Ez dut aparteko asmorik. Orain urte bi euskal selekzioagaz hasi nintzen, baina erritmo horretarako entrenamendu asko behar dira. 2018an  konpromisorik barik aritu gura dut. Asteburu-pasak egiteko probak aukeratuko ditut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!