“Datu errealak gura ditugu, eta airean dauden partikulak kaltegarriak diren argitzea”

Aitziber Basauri 2017ko abe. 22a, 12:00

Arduratuta bizi dute airearen kalitatea San Roke auzoan. Aspaldiko kontua dute, gainera. Airean dauden partikulak osasunerako kaltegarriak diren argitzea eskatzen dute. Herriako Periko Arevalok erantzun die ANBOTOko galderei.

Nola bizi duzue airearen kalitatea San Roken?
Ardura bat badago, oro har. Auzoko eta inguruetako fabrikek isuritakoa arnasten dugu. Hala ere, aspaldiko gaia da. Udalagaz hainbat bider batzartu gara eta Fumbarrigaz protokolo bat sortzen saiatu gara. Gertuen bizi direnek ­ —Ziritza eta Bustintza kaleetan— etengabe dituzte leihoak zikin, eta bakoitzean kolore bat duen kea ikusten dute. Airean partikularik badagoen, kutsakorrak badiren, ez dakigu.

Hatsa ere sumatu da.
Bai. Baina horren jatorriaz zalantzak ditugu. Horregatik, udalak eta Jaurlaritzak usain hori nondik datorren eta osasunerako kaltegarria den argitzea gura dugu; beraiek dituzte horretarako baliabideak.

Neurgailuak amatatu ote diren susmorik duzue?
San Rokeko eskolan dagoen neurketa-estazioko datuak baino ez ditugu. Izan dira etenak, beti kutsadura mailarik gorenean egon ostean, eta ez dakigu zergatik. Baina duela bi hile jarritako neurgailu berriaren daturik ez dugu. Ikusi liteke pertsonen joan-etorria, baina datuek erakutsiko dute etenik egon den ala ez, eta horren zergatia argitu beharko dute. Datu errealak eta argibideak gura ditugu, eta airean dauden partikulak osasunerako kaltegarriak diren argitzea.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!